Artelan guztien artean atentzioa ematen dit “Désir”izeneko erliebea, Aristide Maillol-ek egindakoa 1907. urtean. Gizona eta
emakumea desiraren alde ezberdinak erakusten. Lehenengoa: zuzena, bigarrengoa
zalantzazko punta batekin.
Iraganean bezalatsu, mundu osoko bisitariak dira ikusgai
Parisen, baina orain asiarrak biderkatu egin dira nabarmen. Militarrak ere bai.
G.E.O. antzeko mozorrodun bikoteak korrika dabiltza Montmartreko margolarien
artean, Notre Dameko atarian, Eiffel dorreko inguruetan eta metro geltoki
guztien iragarkietan, errekrutatze kanpaina erraldoi baten barruan. Gaztelera
ohikoa da bozgorailuetan. Hasieran soldaduen ezusteko agerpenak izutu egiten
zaituzte. Laster paisaiaren partetzat hartzen dituzu.
El Intermedio saioan entzuna:
“Paris, maitasunaren hiria, baita zazpi euroko ur-botilena ere”... egia da.
Gure poltsikoetarako Paris oso garestia da, baina Erasmus bekadun alabak badakizki
dagoeneko ikasleen zoko preziatuak zeintzuk diren: jazz ona dastatzeko
kobazuloak, bidezko prezioko jantokiak, Happy hour pubak.
Murrizketen kontrako mobilizazioen barruan, metroan
ordutegi arazoak ditugu. Frantzia beti serio grebarako orduan.
Louvre museoan ez dago artea soseguz disfrutatzeko paradarik. Giocondak selfie-makilen artean
dauka irribarrea ezkutatuta.
Baina tamalez, badaude, baita ere, erakusleiho horiek
interesgarri ikusi dituztenak. Parisen, Bruselan, Madrilen eta Istanbulen,
besteak beste, haien odolezko sinadura utzi dute.
“Garaipenaren arkupetik” pasatzean, ezinbestean, naziak
gogoratzen ditut. Historiak askatasuna zein makala izan daitekeen erakutsi digu
behin eta berriz. Mehatxua beti dago hor. Baina ez dago beti horren argi non
kokatzen den “hor” hori.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina