2016(e)ko apirilakren 10(a), igandea

PORNO-POGO-PUNK-PARTY


Mery Cuesta Crapulesque taldearekin jotzen.



“Buruaren zibilizazioa sortuko dugu ziberespazioan. Zuen gobernuek inoiz sortu dutena baino bihozberagoa eta ederragoa izango dena”.
Hunkigarriak benetan Perry Barlowek idatzitako hitzak 1996. urtean. Hunkigarriak, gehienbat, internet hogei urte geroago zer bihurtu den ikustean. Askatasuna baino zaintza baitugu, eta independentzia baino kapitalismoaren saturazio garai berria.
Honelako burutazioak “La Rue del Percebe de La Cultura y la Niebla de la Cultura Digital” izeneko liburuan aurki daitezke, Mery Cuestak, Consonni argitaletxearekin argitaratu berri duen saiakeran. Lan honetan, kreatzaile, komikigile eta musikari bilbotarrak, aspaldian Bartzelonan bizi denak, komikia eta arte-kritika batzen ditu, garai digitalean kultura nola bizitzen ari den aztertzeko.
Meryren ikuspuntutik antzinako etxebizitza, zeinetan “maila handiko kultura”, “kultura ofiziala” eta “herri kultura” solairu ezberdinetan kokatzen ziren, orain “laino digital” batean nahasten ari dira. Laino itxi honetan aldaketa ugari gertatzen ari dira, askotan norantz eramaten gaituzten oso argi jakin ezinik.               
Laino artean sumatzen diren gertakarien artean “tribu” berrien sortzearena dugu. Joan den mendeko azken hamarkadetan horrenbestetan aipatzen ziren hiri-tribuak  -mod, rocker, gotiko, punk..- kaleko fenomenoak ziren. Haien inguruko erreportaje bat egiteko bazenekien, aldez aurretik, zer itxura zeukaten eta nondik mugitzen ziren. Egungo tribu berriek, berriz, mundu osoan dute esparrua. Edozein gutxiengoren zaletasunak urrutiko herrialdetan bizi diren kideak bil ditzake. “Underground” izpiritua, Meryren iritziz, galdu egiten da, sarean horren “ikusgai” bihurtzerakoan.
Ba al da orduan, gaur egun, disidentziarako esparrurik? Zein litzateke garaiko “underground” mugimenduak bilatu beharko lukeen testuingurua?
Galdera honi erantzuteko orduan, Mery Cuestak adibide bitxi baten berri ematen digu: “Porno-Pogo-Punk” izeneko jaiak. Orain dela bi urte inguru, Bartzelona inguruan  antolatzen ari diren ekitaldiak dira hauek. Antolatzaileek ez dute ez interneten ez inon fitsik argitaratzen. Partaideen artean konpromiso tinkoa dago ezer ez zabaltzearren eta ez dute zuzeneko musikarik sekula ere erabiltzen. Horrelako antolakuntza ez da “snobismo” baten ondorioa, bizirik irauteko era bakarra baizik.
2016. urte honetan, askorentzat internet lan tresna edo denbora pasa hutsa bihurtu denean, sarearen etorkizunari buruzko eztabaidak daude nonahi. Predikatzen zen askatasunaren aberria mehatxuz beterik agertzen zaigu, bai, baina egunero erabiltzen dugunok, nekez imajina genezake erreminta hau gabeko bizitza.
Hala ere, Mery Cuesta eta beste askoren azterketetan nabaria da, azken bolada honetan, mezu berri bat: funtsezko bihurtzen ari da saretik at mugitzen diren esparruak bizirik mantentzea. Eztabaida interesgarri honetan parte hartu nahi izanez gero, ekainaren 1an, 18.00etan Bilboko San Frantzisko kaleko ANTI liburu-dendan izango da liburuaren aurkezpena.
Bukatzeko, aitortu behar dut: arlo askotan interesgarri iruditu zait saiakera-komiki hau. Baina burutik kendu ezinik zer edo zer nire baitan gelditu bada honako hau da: Nolakoak izango dira ditxosozko Porno-Pogo-Punk-Party horiek?     





               

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat