2016(e)ko ekainakren 24(a), ostirala

SUA




Alicia Keys, Chanpiosen finalaren egunean
Ekaina. Bizipenez betetako udara baten promesak leihoaren bestaldean marmar egiten du, azken azterketarako ikasi behar den egun madarikatu hauetan.
Ekaina. Mota askotako ikasturteak bukatzeko garaia. Afariak nonahi. “Triste y sola queda la universidad”. Telebistan, urtero legez, sasoi honetan “topera” bizitzera gonbidatzen gaituzten iragarkiak dira nagusi. “Zure bizitzaren historia idazten ari zara... zuk uste duzu norbaiten interesekoa izango dela?”...
Ekaina. Sasi-paradisu galduetara ihes egiteko tentazioak edonondik daude erasoka. “Hegazkina-hotela-gosaria”. Ez da inor agertzen argazkietako hondartzetan.    
Eguzkiarekin batera suari eskainitako ospakizunak datoz. Hortxe bertan dugu, sinestezina badirudi ere, urteko gaurik luzeena, gure haurtzaroko San Joan gau apartak gogora ekartzen dizkiguna; izandako okerrak eta ezbeharrak sugarretara botatzera gonbidatzen gaituena; gure antzinako arbasoekin bat egiten gaituena.
“Sua” zuen izena Mutrikuko Delirium Tremens taldeko kantu sutsuak: “Ekainak 24/ Jon deunaren eguna/ herri guztietan ohitura zaharra/ zakar pilo bateri eman sua/ hasi pixkat pentsatzen hobe zer izan leike herriko puta-seme guztiak hartu eta eman sua”...
Trantsizioko Madrilen sortutako “La Mandrágora” taldeko kide zen Javier Krahe kantautoreak ere, suteak aldarrikatzen zituen, baina honako honetan ironiaren eskutik: “Empalamiento, lapidamiento/ inmersión, crucifixión/desuello, descuartizamiento/ todas son dignas de admiración/ pero dejadme, ay, que yo prefiera la hoguera/ la hoguera tiene qué sé yo/ que sólo lo tiene la hoguera”.  
“Sua” (Fire) zen, baita ere, Jimi Hendrixen kantu kementsu baten izena. Gitarra-joleak bere tresna erretzeko ohitura zuen zuzenekoetan, ikusleen eromena piztuz. Halako showetan
Sua zen, baita ere, Jim Morrisonen obsesioa, “Light My Fire” edo “When The Music’s Over” abestietan islaturik. Azken honetan sutean bertan dantza egitea proposatzen zigun: “music is your especial friend/ dance in fire as it intends/ music is your only friend/ until the end”...
Oraindik orain, sua izan zen, halaber, nagusi, “Girl On Fire” abestiaren koreografian, “Champions”en finalaren hasierako galan. Alicia Keys-ek atentzioa eman nahi zuen eta lortu zuen, bai: makillatu gabe agertu zen, sare sozialak sutan jarriz. Ez zen ekitaldi horretarako prestatutako zerbait. Aldez aurretik bazuen erabakia hartuta: “gimnasiotik atera berria nintzen eta argazkilariak bat batean esan zidan: honela egingo dizut azalaren argazkia. Diskoa gordina da, azalak horrelakoa izan behar du baita ere; egia esan oso ideia egokia iruditu zitzaidan, nekatuta bainengoen beti bikain agertzeko behar horretaz”.
Sua beti izan da hor. Lagun eta etsai. Historiaren sasoi ezberdinetan liburuak, elizak, ustezko sorginak edo hiri osoak erretzeko erabilia.
Baina laguntzaile ezin hobea ere bai gaixotasunak eta negu gorriak gainditzerakoan. 
Egun hauetan eztabaida sutsuak entzuten ari gara, izan ere luzaroan gaude horrelakoak aditzen botoen aldeko lehia etengabeko honetan. Sute hauen keak erabat itxi bihurtu dira. Batek, behin baino gehiagotan, bere buruari galdetzen dio ez ote den hor interesen bat horrenbeste ke sortzearren, beharbada ke-laino horrek estaltzen duena ikus ez dezagun hain zuzen ere.
Nola edo hala, San Joan gaueko suak prest daude berriro. Dantza egin dezagun haien inguruan... posible zaigun bitartean.    


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat