2016(e)ko ekainakren 27(a), astelehena

MAPAK

Pangearen mapa, egungo mugekin marraztua
Kuma da askoren lehenengo aberria. Aberri txikia bezain goxoa, ferekak eta zurrupada ederrak esku maitagarrietan utzita.
Gero gure bizitzaren mapa handituz doa: Parkea, auzoa, herria... Egun batean norbaitek gure nazioaren mapa zein den azalduko digu. Kasino baten erruletan egongo baikinen, mundu-mapan zein zonaldetan tokatu zaigun ohartzen gara: baliteke herrialde pobre eta etorkizun gabekoa izatea, baliteke estatu aberats eta bere historiarekin harro dagoena izatea, baliteke izatea, baita ere, musulmana, komunista, txikia, erraldoia, garrantzizkoa, menperatua, menperatzailea, urrutiko irla edo penintsula ahaztua...  
Munduan dauden mapak, askotan, odol zaharrarekin daude marraztuak. Haien mugek oso finkoak ematen dute, bizitza batean normalean ez direlako nabarmen aldatzen, baina mendeetan zehar bidaiatuz gero, ematen dutena baino askoz aldakorragoak direla ohartuko gara.
Orain dela gutxi Erromatarren inperiotik hona Europan nolako muga-aldaketa izan den erakusten zuen bideo bat ikusi dut. Abiadura handian, herrialdeak eta marrak tamainaz aldatzen ziren zorabiatzeko moduko bilakaera batean.
Ni bizi izan naizen bitartean, esate baterako, zenbait herrialderen mugak eraldatzen ikusi dut: Maroko (Espainiar Sahara bereganatuz) Espainia (izandako kolonia hori galduz) Txekoslovakia (Txekia eta Eslovakia bihurtuz), Sobietar Batasuna (Georgia, Ukraina, Lituania, Estonia, Letonia, Azerbaijan eta beste hainbat herrialde bere desegitearekin sortuz) .
Odola ere ez da falta kasu batzuetan: anaia arteko odolez marraztu ziren muga berriak Jugoslavia deitzen zen herrialdean eta odolez marrazten ari dira gaur egun ere Ukrainan.
Batxilergoan nengoelarik “mapa fisikoa” eta “mapapolitikoa” ezberdintzen ziren. Lehenengoan ibaiak eta mendikateak agertzen ziren eta bigarrenean “probintziak” eta “erregioak”, beti kolore biziak erabiliz, argi eta garbi nabarmentzeko haien arteko aldea. Buruan sartu behar genuen Espainiako mapa “politiko”an, Portugal eta Frantzia grisez agertzen ziren eta Kanariar Uharteak penintsulatik dauden baino askoz gertuago ikusten ziren. Gu “vascongadasetan” bizi ginen eta txiki-txikiak ematen genuen “zezen larruaren” barnean.
Nerabezaroan nengoelarik “Euzkadi”ko mapa ikusi nuen lehen aldiz. Ordu arte noizbehinka entzuten zen izendapen misteriotsua besterik ez zen niretzat, baina nire gelakide batek, arreta handiz kartoi zati subertsibo hura erakutsi zidan: “Zazpiak Bat” ikus zitekeen idatzita, ikurrindun mapa baten gainean. Hori omen zen “egiazko” mapa.
Europako mapa politikoa aldatu nahi izan dute “brexit”en alde botoa eman dutenek Britainia Handian aste honetan, eta britainiarren mapa aldatu nahi zuten hain zuzen ere Eskoziaren independentziaren alde bozkatu zutenek.
Egunkari bakoitzaren azkenaurreko orrialdean oso mapa esanguratsuak agertzen dira: batere politikoa ez den eguraldi aurreikuspenaz informatzeko erabiliak dira, baina azken finean nahiko ideologikoak izaten dira: Esadazu zein mapa erabiltzen duzun hodeiak eta eguzkiak kokatzeko, eta ariman zein mapa daukazun esango dizut.
Horrexegatik, noizean behin, ETBko eguraldi-mapalegebiltzarrera doa. Nafarroako eta Euskadiko gobernuetan zeintzuk dauden, bi komunitateen arteko mugak leuntzen edo areagotzen dira mirakuluz.
Mapak: paper baten gainean marraztutako puntu eta marrak. Askotan entzuten da “ezinezkoa dela landan hesiak jartzea”, baina gezurra da. Bestela Siriako errefuxiatuei edota Donald Trumpi galdetu.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat