2016(e)ko uztailakren 11(a), astelehena

BATERIA ETA KONTRABAXUA

Dee Dee Bridgewater Getxoko Jazzaldian
Udako lehenengo egun hauek heltzerakoan, ezinbestean gogora datorkit Pio Lindegaard-en oroipena. Aparteko pertsonaia honek jazza maitatzen irakatsi zidan. Ohikoa zen Radio Euskadiko estudioren batean kaskoak ipinita eta begi itxiak zituela bere jazz maitatua gozatuz ikustea. Nik ezagutu nuenean Piok agure atseginaren itxura zeukan. 'Batería y Contrabajo' saioa gidatzen zuen eta gustuko zuen, argi gorria itzalita ere, luzaroan bere pasioa zabaltzen irratian geratzea, nire eta beste hainbaten belarrien gozamenerako. Piok ez zituen gustuko musika eztabaidak. Gustu guztientzat errespetua erakusten zuen, baina, hori bai, Benny Carter, Pedro Iturralde, Count Basie edota Ella Fitzgerald-en tankerako izenak aipatzean beste distira mota bat sumatzen zitzaion begietan.
Bilboko kontsul izandakoak askotan zuen ahoan baieztapen hau: «musika guztietan dago onik eta txarrik, baina jazza askatasuna da, horretan ez du alderatuko zaionik». Piok esandakoak guztiz konprenitu nituen Donostiako jazzaldira lehenengoz joan nintzenean. Ez zen gertatu ospeko izen baten zuzenekoa ikustean, baizik eta kale gorrian. Urrutiko herrialdeetatik etorritako musikariak hondartzako ibiltokian elkartzen ziren eta haien artean, agur bat apenas partekatu ondoren, musikaz osatutako elkarrizketei ekin zieten. Horrelako zerbait bizi izan dut, baita ere, luzaroan Getxoko jazzaldian, batez ere ordu txikietako emanaldietan, Irish pubean inprobisazioak egiten diren saioetan. Oinarriak berdinak dira guztientzat, baina haien arteko kimika ez da beti berdina. Elkar ulertze magiko hori pizten denean, aurpegietan marrazten zaie. Ezusteko ezkontza hori –Piok azaltzen zidanez– jazzean bakarrik gertatzen da.
Beharbada horren gozo sentitzeagatik jazz musikari askok nahiko sasoi ona erakusten dute, berdin dio zein helduak diren. Ikaragarria, adibidez, joan den egunean Dee Dee Bridgewater-ek Getxon eman zuen kontzertua. Itxurakeria izpirik ere ez zen sumatzen han, bi ordu eta gehiago jo eta ke aritu ondoren, musika munduan jaioberria bailitzan.

Are sinesgaitzagoa, joan den Aste Santuan Madrilen bizi izan nuena. Clamores izeneko areto mitikoan Pedro Iturralde saxofonista zegoen iragarrita. Laurogeita bost urte beteta izanik, izango al zen benetan aukera egokia? Nolanahi ere, Pio jaunak sekula ez zidan barkatuko. Barrura sartu behar. Eta bai, merezi zuen. Oholtzan agertzean, bere ibiltzeko era geldiak pista faltsuren bat eman ahal zigun arren, laster, hasieratik poltsikoan zuen entzuleria baten aurrean sasoian zegoela erakutsi zuen. Ordu eta laurdeneko emanaldi batean zehar etxeko marka duten piezak errepasatu ondoren, taldea osatzen zuen hirukoteak alde egin zuen –astiro-astiro berriro ere– aldagelarantz. Bisa eskatu zitzaion, baina ez oso era sutsuan. Azken finean adineko gizona da eta han geundenok –apustu egingo nuke– nahiago genuen ez abusatzea.
Baina, bai, berriro agertu ziren eta Pedrok toalla bat eskuan, honela esan zigun: «Zuen baimenarekin, orain tresnaz aldatuko dut». Jarraian ikusteko aukera izan genuena, sin-es-te-zi-na izan zen. Pedro Iturralde bateria jotzen bere bizi osoko musika tresna izango balitz bezala. Horrezkero, denok zutik jarrita, bai txaloaldi ikaragarria eta luzea jaso zuena. Dee Dee Bridgewater-ek Getxon leunki abestu zuenez: «Music is the magic of a secret world». Eskerrik asko, Pio Lindegaard jauna. Agur eta ohore. Bateria eta kontrabaxuko zeru bat opa dizut.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat