2016(e)ko uztailakren 3(a), igandea

AHAL IZAN




Lander Martinez, Nagua Alba eta Eduardo Maura
Madrilgo plaza bat jendez gainezka, aho batez “sí se puede” oihukatuz. “Podemita” guztien ametsa egia bihurtu zen joan den igande gauean... baina amesgaizto bilakaturik.
Podemosen leloa peperoen ahotan. Zeinek esango zuen. Horrek, behintzat, zein goiburu erakargarria den erakusten digu.
Eta zer da “ahal izan dena” kasu honetan?
Ba ahal da, bai, baieztatu denez, hauteskundeetan irabazle izatea -eta botoen kopurua handitzea- zure alderdiko agintari bat astero ustelkeriagatik auziperatua izan arren.
Ahal da, bai, -PSOEk erakutsi duenez- pozik agertzea zure emaitzarik okerrenak lortu eta gero.
Ahal da, baita ere, “Unidos Podemos”-ekin agerian geratu denez, bozka pila bat galtzea inolako botere higadurarik izan gabe, gehienbat -nire susmoa da- gainerako guztiek Venezuela eta Greziaren mamuak jo eta ke astindu dituztelako. Koalizio honetako kide batek honela azaltzen zuen Facebooken: “Izan da, zure bikoteak zurekin apurtu nahi duela esaten dizunean bezala, zuk inola ere sumatu gabe...”. 
Baina euskal ikuspuntutik emaitzen irakurketak erabat ezberdina dirudi. “Ahal Dugu”k bigarren aldiz jarraian nabarmen irabazi du eta alderdi berri bat denez gero, hau guztiz
azpimarragarria bihurtzen da, areago hautagaien artean aurpegi ezagunik ez dutela izan kontuan izanik.
“Podemos-Ahal Dugu” taldeko buruek ez dirudite ohiko politikoak, ez irudietan, ez hitz egiteko moduan. Lehenengo aldiz irabazi zutenean inork ez zion garrantzi handirik eman; “badakizu, beti dago modan dagoen bitxikeriaren bat, laster pasatuko da, telebistaren eraginagatik izan da, ezbairik ez,  ikusteke dago autonomikoetan, erakusten duten pisuari eusteko gai diren ala ez...”
Baina Nagua Albak esan zuenez “Inoiz ez du EAJk bi aldiz jarraian Euskadin galdu” eta Espainia mailan lortu ez duten ditxosozko “sorpassoa” baliteke hemen gertatzea, euren kabuz edo beste batzuen laguntzaz.
Deigarriak dira, bestalde, Nafarroan lortutako emaitzak. Bigarrengoz haien aukera ezkerreko  nagusia izan da, eta, bigarrengoz, indar abertzaleek eskuratzen zituzten ordezkariak haientzat izan dira.
Denok dakigu bertokoak hauteskunde ezberdinak izaten direla eta Eduardo Maurak ohartarazten zuenez, jeltzaleek faboritoak izanez jarraituko dute.
Hala eta guztiz ere, harrigarria da benetan gertatzen ari dena. “Ahal Dugu” da euskal alderdien artean iraganarekin zerikusirik ez duen talde bakarra. Inork ez diezaieke  aurpegiratu ETAren alde aritu izana, gerra zikinarekin izandako erlazioa edota hilketen aurrean bestaldera begiratu izana. Egunkarien argazkietan agertzen diren aurpegi gazte horiek ez zeuden hor, bizi dugun drama indarrean zegoenean.  
Beharbada haien arrakastaren parte mamitsu bat  ildo honetatik dator. Ez dira gutxi, herrialde honetan, betiko mantrak entzuteaz nekatuta daudenak. Agian hor egon daiteke, haien ahalmenik sendoena.      
Baina horretaz aparte, zaila egiten zait bertoko eragile askorekin zelan konponduko liratekeen asmatzea: Confebask, sindikatuak, Ezker Abertzalea, EAJ-PNV, Kutxabank, Iberdrola eta beste hainbat, gurean oso sustrai finkoak dituzten erakundeak dira eta beraien artean, dudarik gabe, ez dira faltako horrelako zerbait gerta ez dadin mugituko direnak.
Gezurra dirudien arren, gure mapa politikoan ere aldaketarik suma daiteke. Egun interesagarriak, datozen hauek.     

ROBERTO MOSO

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat