2016(e)ko abuztuakren 5(a), ostirala

NI NINTZEN PASTAFARI

Bobby Henderson "Pastafasismo" izeneko erlijioaren sortzailea
Facebooken ikusitako burutazioa: “Erlijio guztiek jainko estralurtarra dute eta beti dago oso kezkatuta larrua jotzeko gure ohiturarekin”. Txantxa bai, baina irribarrea izozteko modukoa. Badaude beste ezaugarri batzuk erlijio gehienetan errepikatzen direnak: frogatu ezinezko zutabeetan oinarritzen dira; fede itsua dute ardatz; hil ondorengo sariak eta zigorrak iragartzen dituzte, lurreko bizitzan portatu zaren eraren arabera; emakumeek bigarren mailan jokatzen dute hierarkietan, baina lan gogorrak egiteko orduan lehenengo ilaran egoten dira; eskoletan txiki-txikitandik ikasten dira eta hainbat herrialdetako historian zehar gudak eta sarraskiak izan dituzte aitzakiatzat. Hori bai, gizakion arteko maitasuna eta karitatea  predikatzeko ohitura dute. 
Estatu Batuetan -eta adi, gehiegitan ispilua baitugu- aldiro kreazionismoa eta espezieen eboluzioa irakaskuntzan parekatzeko saiakerak izaten dira. Horietako batean, George W. Bushen legealdian, umorezko erantzun modura “pastafarismoa” izeneko erlijioa sortu zen. Sinismen guztientzat errespetua eskatzen bada, eta zientziak egun frogatutzat ematen duenarekin partekatzen badira, zergatik uko egin norbaitek asmatutako erlijio berri bati?               Bobby Henderson izeneko fisikoak 2006. urtean idatzi zituen pastafarismoaren printzipioak, horietako ekimen bati aurre egiteko. Hendersonek eskutitz bat idatzi zion Kansasko Hezkuntza Kontseiluari. Idatzian errespetu osoa eskatzen zuen bere fedearentzat eta -jakina- irakaskuntzan besteen parean sartzea. Bere ustez jainko sortzailea espageti haragi-boladuna da (Espagetien Munstro Hegalaria), eta euren Elizan dogma bakarra da dogmarik ez izatea, Espagetien Munstro Hegalari ikusezinak unibertsoa sortu zuen mozkor baten eraginez; horixe bera da munduak horrenbeste akats izatearen zergatia.
Amorrualdia besterik ez zela zirudiena mundu osoan zehar zabaldu zen, antzeko egoeratan argudio modura erabiltzeko, inposizioen aurka. Zenbait “pastafari” iraztontzi bat buruan ezkondu dira Hego Korean (horixe baita pastafarien janzkera) eta bai Austrian bai Txekian zenbait morroik pasaporteko argazkietan horrela lortu zuten agertzea haien aldeko epai baten ondorioz.  
         Egun, sinestezina dirudien arren, Polonia eta Zeelanda Berrian, legez onartuta dago beste sinesmenen artean eta sareari begirada bota eta gero, argi dago bola hau (espageti-haragizko bola hau) geroz eta handiago egiteko bidean dagoela. Izan ere, honen inguruan agertzen diren berriak begiak igurzteko modukoak izaten dira. Hona hemen azkenetariko bat: Joan den otsailetik ‘pastafari’ errituaren araberako ezkontzek gainerakoen balio bera izango dute Zeelanda Berrian. Egia da, baita ere, bertan legeak oso malguak direla erritu ezberdinetako ezkontzak baimentzeko orduan eta erlijio berri honek hartu duen errekonozimendua bazutela aurretik, besteak beste, druidismoak edo zientziologiaren jarraitzaileek. Herrialde honetako “Ramen” (Abade) nagusiak horrela zioen: “Tolerantzian eta pentsamendu arrazionalean sinesten dugu, eta uste dugu aldaketa eragin daitekeela barretik eta umoretik, eta ez erlijio indarkeriatik”.
Jaungoiko bat izango balitz, ezbairik ez, gainerako erlijioak baino askoz atseginagoa izango litzateke hau. Konbentzitu naute. Egin dezagun otoitz.


       

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat