2016(e)ko abuztuakren 11(a), osteguna

PRONO

Porno pelikula baten grabazioa
 Gaztelaniazko CNNren webgunean irakur daitekeenez, “porno” da interneten gehien bilatzen den hitza, eta “prono” -agian urduri bilatzean klikatzen dena- bigarren postuan dago. Aurtengo ekainaren 28an, adibidez, “Brexit” hitzak estatistika hori apurtu zuen. Honelako aldaketak unean-unean gertatzen dira, gizartean pil-pilean dagoen gairen batean interes berezia adierazten duenean jendeak.
Orain dela hiru hamarkadatxo “kodifikatua” zegoena, telebista kanal bakar batean, edo ezkutuan alokaturik bideoklubean, orain libre eta edonoren esku dago, bi “kliketara” interneten.
Hori bai, modu irekian igortzen duten telebista kateetan, orain debekatuta dago, baina ez da arraroa horietako tele-paketeren batean atzerriko kate batetik emandako porno zintaren bat aurkitzea.       
Klik-klik eta ipurdi bat behin eta berriz zaplatuta. Klik-klik eta sartzea sinestezina ematen duena, nola sartzen den ikusi. Klik-klik eta begiratu! Hor duzu Torbe, ekialdetik ekarritako azken fitxaketaren bat dastatzen.
Amaigabeko menuak gustu eta bizio guztien zerbitzura. Milaka partitura, mundu osoan zehar jotzen den eltzagor kontzertua zuzentzeko.
Nire belaunaldiko txikiok “puta” hitza bilatzen genuen hiztegian. Horren bilaketa morbosoa, subertsioaren gaindia zen guretzat. Egungo umeek ez dute problema handirik sado-masoko pelikulak bi klik horien bidez ikusteko. Ikerketa ezberdinek emaitza ezberdinak eskaintzen dizkigute, baina joera batzuetan denak daude ados. Urtez urte porno orrialdeei bisita egiten dieten gaztetxoen kopurua goraka doa.  Gizonezkoen gauza da gehienbat, nahiz eta emakumezkoen kopurua ere handituz joan. Onanismoa da helburua. Pelikula mota hauek ez dira ia inoiz osorik ikusten.
Munduko bigarren porno-ataririk garrantzitsuenak, PornHub izenekoak, orain dela gutxi argitara eman ditu bere datuak. Horien arabera Espainia da hamargarren herrialdea kontsumitzaileen zerrendan. 800.000 espainiar herritar sartzen dira egunero orrialde hauetan. Lehenengo hiru postuetan Estatu Batuak, Britainia Handia eta Kanada daude.
Nolanahi ere, argi dago ohitura berri bat dela. Sekula ez da pornografia horren eskura egon eta urteak pasa beharko dira belaunaldi berrien sexualitatean zer eragin izan dezakeen jakiteko. Momentuz argi dago modaren munduan erabat sarturik dagoela, eta, feminismoak berak ez du jarrera bateratu bat erakusten horren aurrean.
Deigarria izan zen, adibidez, Chrissie Hynde-k, Pretenders taldeko abeslariak, iaz sortutako iskanbila gai honen inguruan. Elkarrizketa batean honako perla hau bota zuen: “Nire ustez pornografikoa da, kuleroak erakutsiz dantzan eta abesten bazabiltza emanaldietan. Esan gura dudana da, sexua saltzen ari bazara, orduan ezin duzula esan musikaren aldeko feminista zarenik, zeren nire iritzian, neska koxkorrak asko nahastu baitaitezke horrekin”. Miley Zyrus eta antzeko artistei buruz ari zen Chrissie eta mota askotako erantzunak jaso zituen, ia guztiak (aldeko eta kontrakoak) oso era sutsuan botatakoak.
Alde batetik, eraso sexisten kontrako kontzientzia geroz eta zabalduago dagoela ematen du, eta bestaldetik, inoiz ez da horren erraza izan halakoak pantaila batean ikustea. Klik-klik: taldean egindako bortxaketa. Klik-klik: “Lan bat lortzeko erarik errazena”. Klik-klik: “18+1 (nahiz askoz gazteagoak eman)”. Klik-klik: “Ikasleak diru truke kalean txortan”...
Ez al du merezi tabakoak edo animalismoak izaten duten eztabaida?    



    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat