2016(e)ko abuztuakren 31(a), asteazkena

UDAKO KOKTELA


 “El hombre que amaba a los perros”, Leonardo Paduraren liburuaren irakurketa, nire oporraldiarekin batera hasi nuen. Eleberriko protagonistak Kubako hondartza urrun batean oso tipo berezia ezagutu zuen. Nire begiak liburutik altxatzean, Sopelako hondartza surf giroko jendez betea nuen inguruan.
Trotskyk Turkian pasatako nekeek bainuaren tronuan harrapatu gintuzten, garagardotegi-osteko digestio madarikatu bati amaiera ipini -kostata- nahian.
Gerra zibilean Errepublikako tropen artean Bartzelonan gertatutako istilu tamalgarriak, Bartzelonatik Sardiniarako Ferryan irakurri nituen. Liburua gainean nuela loak hartu ninduen. Itsasontziko motorren burrunba zela eta, erdipurdiko loaldia izan zen hura. Aldiro, POUMeko miliziano eta estalinisten arteko tiroketak arnas estuka-tuka-tuka esnarazten gintuzten.  
Geroago denboraldi lasaiagoa etorriko zen. “Costa Paradiso” izeneko urbanizazioan Europa osoko turista eta tatuajeak basurde baketsuekin batera bizi dira (ez da txantxa). Bertoko terrazan etzanda, Mediterraneoa bare-bare aurrean,  sobietar inteligentziak nola Ramon Mercader aberaskumea Belgikako “bon vivant” bilakatu zuen jakin nuen. Horren helmuga: Trotskyrengana gerturatzea eta azkenean hiltzea. Oso lan fina hau benetan. Bere helburua lortzeko, Ipar Amerikako neska troskista baten bihotza irabazi beharko zuen baita ere. Urteak eta urteak amorante kartsu baten plantak egiten “munduko proletario guztien etsairik handiena” mundutik ezabatzeko.
Destino petralak beste hondartza batean kokatu ninduen, oraingo honetan Sardinian. Bertan, nire harridurarako, beste Trotsky bat deskubritu nuen.    Mexikoko hozberoek eta Kalho ahizpen xarmak bero-bero jarri omen zuten iraultzailea, haren bizitza arriskuan jartzeraino.
Leonen bihurrikerien deskribapenak erabat eraginkorrak ziren; hondartza nudista batean ez egotea eskertzeko modukoak. 
Bidaia-agentzian itzulerako kamarotea ez hartzea gomendatu ziguten. “Besaulkietan oso ondo egin daiteke lo eta egunez bidaiatzean itsasontziko atrakzioekin gozatzeko aukera izango duzue”. Akatsa. Ontzi-barruko besaulkien aretoan ez zegoen lo egiterik. Aire girotuak Alaskan bertan jartzen zintuen, eta, ongi aholkatutako bidaiariek bakarrik zeramaten  burusia. Bestalde Ferryaren aukerak ez zuen ezta bi ordurako atsedenaldia ere ematen... eta hamahiru orduko bidaia zen... bada, mahai-futbol partida eta kuluxka artean (imajinaezinezko tokietan) Frantziara pasatzen ziren galtzaileen berri izan nuen: goseti, atsekabeturik, Frantziako kolonietatik ekarritako soldaduek zakarki astinduak... Guda garaian urrutiegi izan ziren auzokideek orain mesprezuz hartzen zituzten askatasunaren aldeko borrokalariak... 
Horietako esnatze mingarri batean, metalezko mahai hots baten gainean, buruan sortutako min-ziztadak Leon Trotsky gizagaixoa akabatu zuen pioleta gogorarazi zidan. Ramon Mercaderrek esango zuenez, bere bizitzako egun guztietan, bere garezur pareten artean errepikatuko zen garrasi ikaragarri hura.  
Ezinbestean, liburu hau bidaia honekin egongo da betiko loturik. “El Fulgor y La Sangre” Lizarrarekin, eta, “Obabakoak” Araotz auzoarekin bildu ziren antzera. Uda. Koktelen denboraldia izaten da. Eta batzuetan gozo-gozo sartzen dira.     





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat