2016(e)ko irailakren 17(a), larunbata

APALATEGI ARTEAN

Irakurtzen ez ditugun liburuak abisuz beterik zeuden...
Eta hor zeuden berriro. Liburu pila bat, apalategi ugaritan banatuta. Honako honetan kasino zahar batean izan zen, Gironako Llagostera herrian, bilketa solidario baten ondorioz atzealdeko paretak liburu zaharrez josita zeuden. Beste batzuetan liburutegi batean izan da edo bigarren eskuko azoka batean, edota ia desagertzear dauden liburu-denda zahar horietako batean.
Gustuko dut horrelakoetan izenburuak eta autoreen izenak miatuz luzaroan aritzea, tarteka paragraforen bat irakurriz. Memoriaren zoko urrunen batean ezkutuan dauden idazleak berpiztea. Bere garaian best-seller izandakoak gogoratzea. Nire biografiarekin zerikusia izan dutenak berriro aurkitzea edo betiko irakurri barik geratuko direnekin berriro topo egitea.
Hara!, Jose Luis Martin Vigil... nerabezaroko irakurketa morbosoak: ‘La muerte está en el camino’, ‘Una chabola en Bilbao’... Miguel Delibes, heriotzarekin aurrez aurre lehendabizi jarri ninduena: ‘La sombra del ciprés es alargada’, ‘La hoja roja’... Pío Baroja eta bere Shanti Andiarekin pasatako abenturak... Luis Haranburu-Altunaren ‘Itxasoak ez du esperantzarik’, nire lehenengo euskarazko liburua, barnetegi hartako bazkalosteko irakurketa saioei betiko lotuta...
Hor daude guztiak, nekez helduko den irakurle baten zain. Dozenaka kafe. Ehunka zigarro. Milaka tekla-jotze. Orduak eta orduak pertsonaiak marrazten, kontaketak garatzen, amaierak osatzen, osasuna xahutzen.
Zenbat orri joan ziren paperontzira orrialde horiek aukeratu baino lehen? Zenbat kafe edo whisky edo farlopa-marra erabili ziren gaua ‘pixka bat’ gehiago luzatzearren? Zenbat goizalde, zenbat ilunabar izan ziren prozesu horien lekuko? Eta zertarako? Ziur aski horietako askok literatura ogibide bihurtzearekin amestuko zuten noizbait. Horietako batzuek lortu egingo zuten. Agian, lehenengo izenburu arrakastatsua eskuratu ondoren, argitaletxearekin kontratu bat sinatu eta beste zenbait eleberri idazteko aukera -eta beharra- izango zuten. Hor, tarteka, lan bakar baten egileen izenak ere azaltzen dira; lehenengo porrotaren ondorioz bertan behera utzi zutenak edo horrenbeste ahalegin nekagarri egin ondoren errepikatu nahi izan ez zutenak... edo kontaketa bakar batean, esateko zuten guztia esan zutenak... auskalo.
Denbora ez da liburuki guztientzat berdin pasatu. ‘El varón domado’, ‘Caballo de Troya’ edo ‘El escándalo de Tierra Santa’ tankerako tituluak, hamarkadetan zehar horrenbeste egongelatako altzariak apaindu dituztenak, ez dirudi gaur egun inongo irakurleren interesik pizteko gai direnik. Ordea, hor dabiltza beti harro atzoko eta gaurko ikasgeletan gomendatzen diren klasikoak: ‘Cien años de soledad’, ‘El Quijote’, ‘Luces de bohemia’, ‘Zergatik Panpox’...
Edonola ere, oraingo honetan nire kopa altxatu nahi dut autore horien guztien alde. Egun batean gizateriari zer edo zer kontatzeko irrikan sentitu zirenak eta euren bizitzako ordu luzeak zeregin horretan inbertitu zituztenak. Horietako asko ez daude jada gure artean, euren idatzien oihartzunaren berri izateko, baina nonbait, berpiztu egiten dira gure eskuetan, haien lana berriro hartzerakoan.
Juan Jose Millásek dixit: Irakurtzen ez ditugun liburuak abisuz beterik zeuden...

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat