2016(e)ko irailakren 30(a), ostirala

OASIA EDO AMESKERIA




 Lehendakaritzarako hautagaiak
Sinistuko ez dituzuen gauzak Ikusi ditut nik. Tira, ez dut eraso-ontzirik sutan ikusi Orion baino haratago baina bai, ordea, “Gora ETA militarra” milaka eztarrik oihukatuta, guardia zibilak deseginiko mitin erraldoi batean. Ikusi dut, baita ere, Xabier Arzalluz epaitegitik irtetean, guardasola altxatuz “Eusko Gudaria” abesten, alderdikide eta kazetarien aurrean. Ikusi ditut hautagaiak bizkartzainez inguraturik, eta hauteskunde kanpainak zeinetan hautagai guztiak ginonezkoak ziren inongo harridura sorrarazi barik.
Zin egiten dizuet: ikusi dut Radio Euskadiko erredakzioa atzerritik etorritako berriemailez beteta; horren interes handikoak ziren gure hauteskundeak, orain dela ez horrenbeste urte.
Kaleko horma guztiak ere kartelez beterik ikusi ditut nik, eta, gaueko iskanbilak eta benetako guduak pareta zati batengatik. Eta kartelen edukia? Horiek bai leloak: “Emaiezu gogor”, “Euskadik Askatasuna”, “Hordago”,  “Euzkadik behar zaitu”, “Erakuts hortzak zapaltzaileari”... Ikusi ditut prentsaurreko sutsuak eta itxuragatik nabarmentzen ziren militanteak: panazko jaka sozialistak, kaiku eta txapela jeltzaleak, traje eta gorbatadun popularrak, ezker abertzaleko eusko labeldun kopeta-ileak eta jantzi polarrak. Ikusi ditut, baita ere, muturbeltzen arteko eztabaidak, hitz gordinez eta mehatxuz beterik, eta, gorriak eta bi pasatzen zituzten moderatzaileak, ordena mantendu ezinik. Eta bai, ikusi dut gehiegitan, ETA kanpainan sartzen, mahai gainean erailak jarriz.
Hori guztia galdu omen da, euritan malkoak desagertzen diren antzera.
Atzo bertan amaitu zen kanpainan ez da apenas benetako lehiarik ikusi. Erredakzioan ez da kanpoko korrespontsalik agertu -ezta azkenekoetan Kataluniatik etortzen zena ere- eta kaleko paretetan ez da ia-ia kartelik erantsi. Tematzeko orduan euskara eta DBE (RGI) izan dira nagusi,  baina gai horien inguruan izan diren eztabaidek ez dute inoiz dezibelio ozenik erabili. Orain dela gutxi arte ia protagonismo osoa zuen gaiak -ETA, bortxakeria orokorrean-  ez du aparteko tarterik merezi, aspaldian amaitutako afera izango bailitzan. Subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea eztabaidagai izan dira baita ere, baina guztion jarrerak horren ezagunak izanik -eta Kataluniako prozesua horren korapilatsua bilakaturik- ez zirudien gaian luzatzeko gogo handirik zegoenik.
Orain badirudi ditxosozko “euskal labirintoa” esportatu egin dugula eta gure hautagaiak, nor zentzudunago izan norgehiagokan ari diren bitartean, Ebrotik beherako egoera politikoak ezin du nahasiago agertu. Oraingo honetan ikusi dut -eta hau bai sinestezina dela- Madrilgo solaskideak Ibarretxe goraipatzen -atzera egiten jakin omen zuen eta- eta entzun dut,  estatu mailako irrati batean, ezker abertzaleko hautagai bat elkarrizketa lasaian.
Oasia? Ameskeria? Ez dakit. Ziur aski bizi garen garaiak ez dira horren interesgarriak izango etorkizuneko zinema eta literatura egiterakoan -zinemaldian ikusi dugunez, oraindik ere lehenagoko atalak erakargarriagoak izaten dira- baina enplegua, osasuna eta erretiro-pentsioen tankerako arazoak izan dira nagusi, eta hori, ezbairik ez, berri ontzat hartu behar da.
Sinistuko ez dituzuen gauzak ikusi ditut nik (zuetariko askok ere bai, jakina). Eta egia esan, ez nituzke gehiagotan ikusi nahi.  

                    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat