2016(e)ko irailaren 24(a), larunbata

ZORABIOA




Abuztua zen Bilboko hirian eta artean ez ginen Aste Nagusian. Alegia, kale gehienak hutsik edo erdi hutsik agertzen ziren ostegun arratsalde goibel hartan. Denbora-pasa nengoen, alabarekin nuen hitzordua heldu arte. Power Recordsen biniloen artean luzaroan galdu ostean, noraezean ibili nintzen kalez kale, zapatilaz beteriko erakusleiho batek, aspaldian pare berri baten beharrean nengoela gogorarazi zidanean.
Halako aukeraketak ez zaizkit batere errazak egiten. “Beltzak politak dira... baina beltzak dira erosi ditudan azken bost pareak... eta urdin horiek? Ez al dira kantosoegiak nire  adineko norbaitentzat? Baina noiztik izaten ditut halako txorakeriak kontuan?”
Azkenean, lokarririk gabeko zapatila urdin batzuen bila sartu nintzen barrura eta di-da  batean  mostradorean nengoen, zapata-kaxa besapean, erosketa ordaintzeko prest.
Salmahaiko tipoa nire nortasun-agiriko datuak irakurtzen normalean baino pixka bat gehiago luzatu zen. Nire “eskerrik asko” entzutean, agian euskarak eskaintzen duen konplizitateak lagundurik edo, honako hau bota zidan:
-Begitu, urte berekoak gara.
Ez zuen ematen datu anekdotiko bati buruz ari zenik, guztiz kontrakoa, erabili zuen tonuaren arabera, bazirudien berri txar bat ematen ari zitzaidala.
-Bai, ez gara atzokoak hain zuzen, ez – erantzun nion nik irribarretsu, zeozer erantzuteagatik. Segituan bota zidana are eta harrigarriago egin zitzaidan:
- Eta zelan sentitzen zara?
Sentitu? Une hartantxe lehendabizi ikusten nuen gizon bat nire sentimenduengatik galdezka nuela. Baina zer motatako Bilboko dendaria zen hura? Non geratu da “gure estiloa”, non betiko hitz gutxiko saltzaile zuhurrak? Bere begietan sumatu nuen larritasunak ez zuen erantzun arin batentzako lekurik uzten. Baina ez zen hori ez lekua, ez unea, ez egoera, azalpen sakonak emateko...
-Ba tira, batzuetan ondo, beste batzuetan ez horrenbeste... zer ba?
-Barkatu atrebentziagatik, baina denda honetan ez daukat nire adinekoekin berba egiteko parada ugari, eta azken bolada honetan oso gaizki sentitzen naiz. Hiru seme-alaba ditut, urte pila bat igaro dut umeak hazten eta jada ez daukat ezta lagunik ere. Orain gozatzeko ordua heldu zaidala suposatzen da..., baina... lur jota nago. Ez daukat ezertarako indarrik...
Ondoko saltzaileak, kamisetak tolesten zituen bitartean, ezkutuko begiradak botatzen zizkigun. Ulertuko al zuen gure ezinezko elkarrizketa?
-Ziztu bizian pasatu zait bizitza -jarraitu zuen. Orain emaztea eta seme txikia geratu gara etxean, baina... ez dugu asko hitz egiten. Maite ditut baina batzuetan... arrotzak egiten zaizkit...
Ez, ez zuen ematen burutik jota zegoenik. Bere begietan, bere begi-zuloetan, bere bekainetan, zerbait zegoen egiatan ari zela esaten zidana. Areago, bere S.O.S horretan argi nabaritzen zen norbaitekin partekatzeko grina. Momentuan izoztuta geratu nintzen. Ez nintzen behar zuen laguntza emateko gai. Bazirudien horietako amets arraro baten barruan nengoela. Ni ere konfidentziaren bat aitortzera behartuta sentitu nintzen, baina ahoa berriro zabaltzear nengoela, nire ondoan kokatu zen neska bat aurreratu zitzaidan:
-Perdón ¿Tienen estas en rojo?
Eta hor amaitu zen gure harreman laburra. Agur egiterakoan nolabaiteko barkamen eskaria marraztu zen bere aurpegian. Ez dut berriro ikusi.
Orain zapatila horiek janzten ditudan bakoitzean halako ondoez batek harrapatzen nau eta nire irudia ispiluan islatzean, ezin dut burutik kendu saltzaile horren pena keinu sakon hori.                
            
 




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina