2016(e)ko urriakren 11(a), asteartea

ERGEL AURPEGIA


Halako egoeretan ohi bezala, ergel aurpegia geratu zitzaidan. Nire herriko informatika dendako saltzaileak, berriro ere, ohiko irribarre-erdia eskaini dit. Horrenbestetan oparitu dit jarrera 'ulerkor' hori, dagoeneko ez dit axola.
Ez jauna, azken belaunaldiko ordenagailuek ez dute CDentzako irakurgailurik ekartzen, hori iraganeko gauza da...
Horrelakoetan beti gertatzen zaidan legez, beldur diot ahoa zabaltzeari, nolanahi eginda ere –ziur nago– hanka sartuko dut eta...
– Baina... nire artxibo gehienak DVDetan eta CDetan gordeta ditut... hori da betidanik gomendatu digutena. Oker ez banabil zuk zeuk gomendatu zenidan aspaldian...
Barrealdi xume bat egin ondoren, nire auzoko Steve Jobsek, jarrera paternalistari eutsiz, eguneko ikasgaiari ekin zion:
– Informatika munduan gaur indarrean dagoena bihar bertan jokoz kanpo izango duzu; adi ibiltzen ez bazara, etxean dauzkazun formatu gehienak ezdeus geratuko zaizkizu. Nik, aspaldiko partez, ordezko disko finkoak gomendatzen ditut etxeko artxiboak gordetzearren. Solteak saltzen dira eta garestitxoak diren arren, merezi du eskuratzea... Hori eta 'hodeian' gordetzea ere bai noski, baina hori ez da horren fidagarria...
'Hodeian', bai. Deskubritu nuenean 'hodeian' sartu daitezkeela artxiboak pozarren pozez hasi nintzen ni ere 'Google Drive' erabiltzen, baina konturatu nintzenerako dohain onartzen dituzten gigak agortu egin ziren eta orain horretarako ere ordaindu egin behar da.
–Eta... ez da 'horren fidagarria' esan duzu?...
– Ba ez, egunen batean Googlek edo beste batek erabakitzen badu hodeia hustea... eskubide guztiak dituzte... halakoak gertatu dira jada.
Teknologia berrien sarean harrapaturik gaude. Nahi eta nahi ez, ezinbestean. Eta bai, beti dago norbait –koinataren bat adibidez– oztopo guztien gainetik salto egiten badakiena, baina gehienok, aldaketa guztien tranpetan jausten gara behin eta berriz, sitsak bonbillan bezala.
Joan den mendearen bukaeran Compact Disc-a aurkeztu ziguten etorkizuneko formatu gisa. Gaur egun badakigu ez dela saldu zuten bezain iraunkorra eta egunez egun bere agoniaren lekuko izaten ari gara. Bere aldean 'zaharkiturik' eta modaz kanpo zeuden biniloak, indarberriturik agertzen zaizkigu nonahi, baina hori bai, gaurko biniloak ez daude jada gehienon poltsikorako eginak, orain luxuzko objektuak bilakatu dira. Zeinek esango zuen.
Tira. Tiraderak eta tiraderak ditut ikusi ezin ditudan bideoz eta disketez beteta, entzun ezin ditudan kasetez gainezka... Bitartean, pendriveak betetzen dira etengabe, non sartzerik izango ez ditudan eguna arte.
«Adi ibiltzen ez bazara etxean dauzkazun formatu gehienak ezdeus geratuko zaizkizu».
Eta zer egin? Nire azken telebistak lau urte eskas iraun zuen, bere pantaila betiko beltzera pasatu baino lehen. Zerbitzu teknikoak gaixoen oliadura eman zion, mantra bihurtzen ari den esaeraz: «Merkeago izango zaizu beste aparailu berri bat erostea hau konpontzea baino». Garbigunera botatzera joan nintzenean, bere pareko tramankulu ugarirekin pilatu nuen, berriro ere ergelkeria-keinua nire aurpegian marrazten zen bitartean.
Bide batez esanda, 1979. urtean erosi nuen soinu-ekipoa oraindik indarrean dut eta ez du ematen laster erretiratzeko asmoa duenik.
Garapen jasangarria? Gai polita bai, baina hurrengo JA! Jardunaldietan gai nagusi izateko edo.
        

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat