2016(e)ko urriakren 23(a), igandea

ROLL OVER CHUCK BERRY




Chuck Berry BEC-en zuzenean (2006)
Lehen aldiz zuzenean ikusi nuenean konprenitu nuen. Londresen bildu ziren bizirik zirauten rock & roll mito guztiak: Jerry Lee Lewis, Little Richard eta Chuck Berry. Lehenengo bien emankizuna aurreikustekoa izan zen: kantu arrakastatsuak, eta dantza ezagunak, adinaren eraginez pixka bat motelduak. Richarden kasuan, “Wembley Arenan” elkartu ginenon harridurarako, ez ziren falta mezu erlijiosoak eta jotzen zuen bitartean katiximak eta guzti banatu ziren jendetzaren artean -oraindik gordeta dut nirea-.
Baina Chuck Berry oholtza gainean agertu zenean  dena aldatu zen. Betiko abesti ahaztezinak ziren haiek, bai: “Rock & Roll Music”, “Roll Over Beethoven”, “You Never Can Tell”... baina egun hartako egoerari moldatuak. Jendearen erantzuna nola, abestiaren indarra eta luzapena hala. Han bilduriko bakar batek ere ez zuen eserita iraun. Berarekin batera han agertu ziren magia eta bizitasuna. Ordura arte iraganari eskainitako emanaldi batean geunden, baina bera agertu ahala han ez zegoen geldirik geratzerik. Familia osoak ikusi nituen elkarrekin dantzan, sekula ikusi ez ditudan bezala, aitona-amonak, gurasoak eta bilobak, izerditan, zoriontsu, munduari rock & rolla sasoian zegoela erakutsi nahian.
Horrelako zerbait sumatu nuen berriro Barakaldora hurbildu zenean, dagoeneko laurogei urte beteta. Horrenbeste momia historiko ikusi eta gero, Berryren zuzenekoek, zahartzarora, egiten duzunarekin maiteminduta heldu daitekeela frogatzen dute.
Chuck Berryren aztarna,  gutxirena bezala, sakona izan da azken hamarkadetako herri musikaren historian. Beatles eta Rolling Stones haren bertsioak egiten hasi ziren eta beraren eragina nabaria da amaigabeko artisten zerrendan. Bere “Johnny B. Goode” kantua “Voyager” espazio-ontzian sartu zuten, gizateriak beste balizko zibilizazioari eskaintzen dizkion lurtar emaitza adierazgarrien artean -besteak beste Stravinsky, Bach eta Beethovenekin batera-.
Laurogeita hamar urte bete ditu Chuck Berryk aste honetan. Hogeita hamazortzi urtetan grabatzen duen lehenengo diskoa iragarri du urtebetetzea ospatzeko eta bide batez “zapatak eskegitzeko” ordua heldu zaiola esan digu, bere emazteari eskainitako ohar batean.
Beste hainbat izarrekin gertatzen den legez, bere biografian argiak eta itzalak suma daitezke. Bere ibilbidea punturik gorenean zegoenean, bi urte igaro behar izan zuen kartzelan “adingabekoak galbideratzeagatik”, eta, beste hainbatetan justiziarekin arazoak izan ditu marihuana edukitzeagatik edo “voyeurismo” akusaziopean. Jakina da rocker askoren curriculuma ez dela izaten kanonizazioa eskatzeko modukoa, hain zuzen.
Hail Hail Rock & Roll” pelikulan, Keith Richards saiatzen zen Berryren zuzenekoa moldatzen honen inprobisazio tarteak desagerrarazteko. Baina jai zuen. Ahate-dantzaren sortzailearen estiloa ez da hori. Maite ala gorrota dezakezu, baina ezin aldatu. Chuck Berryren ekitaldiak inoiz ez dira berdin errepikatzen.
Orain Bob Dylanek literatura nobel saria eskuratu duenean, eta, sinadura eske dabiltzala Los Suaves taldeko Josiri “Princesa de Asturias” saria eman diezaioten... nik gustura emango nioke Chuck Berryri bere merezitako nobela, baina medikuntzarena, haren musikak depresiotik urrundu duelako belaunaldi asko.  
ROBERTO MOSO                   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat