2016(e)ko azaroakren 13(a), igandea

ERRESKATEA

Mirentxu Loiarte, "Irrintziaren Oihartzunak"-en pelikularen irudi batean
Albistegietan noizbehinka agertzen da. Munduko zenbait kostaldetan bale sarda bat hondartzara joanda hil egin da. Portaera harrigarri horren arrazoiaz teoria asko izan da, baina oraindik ere zientzia esparruan ez dago guztion adostasuna lortu duen azalpenik.
Bale buru-hiltzaileen misterioa abiapuntu, Iratxe Fresnedak, bere lehenengo filmean, Irrintziaren Oihartzunak izenekoan, Mirentxu Loiarte zinegilearen figura ahaztetik ateratzen digu.
Erreskate baten historia da hau; ahaztutako apalategi batean lotan zegoen pelikula batena eta honen egilearena. Bi horiekin batera hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran -Franco diktadorea hil ostean- sortutako ametsak eta berpizkunde giroa berreskuratzen zaizkigu baita ere.
Argi dago sortzaile guztientzat ez dagoela arrakasta -ez eta talentua ere- bermaturik, baina kasu batzuetan –agian ezagunena J.D. Salinger idazlearena– kosta egiten zaigu ulertzea zergatik hasiera bikaineko artista bat, egun batetik bestera desagertzen den inolako arrastorik utzi gabe.
Euskadiko Filmategiaren fitxan Mirentxu Loiartek (Iruñea,1938)  lerro gutxiko ibilbidea du:
“Frantziako Zinema Kontserbatorioan zinema zuzendaritza ikasketak burutu zituen. Espainiako Zinematografia Zuzendaritza Nazionalaren Kalitatezko Sari Berezia irabazi zuen ‘Irrintzi’ (1978) bere lehen film laburrarekin. 1981an ‘Ikuska 12’ bere azkeneko filma egin zuen, 80eko hamarraldian, arrazoi politikoengatik Euskal Herritik kanpo atera behar izan baitzuen. Hala ere, kultura munduarekiko harremana izaten jarraitu du”.
“Garai batean -azaltzen du Mirentxuk-  bazirudien gidoi-bildumagilea nintzela, baina arrazoi ezberdinengatik proiektuak ez ziren burutzen. Bestalde nik ez nuke edozein pelikula egingo. Horretan oso zurruna izan naiz. Marc Legasseren ‘Las Carabinas de Gaztibeltza’rekin gidoi bat gustura osatu nuen, baina, antza, ez zegoen behar zen zuzentasunaren jokaeran”...  
Egin ez diren proiektuak, bere buruan bakarrik filmatu diren filmak, amatasunak, betebeharrak, erbesteratzea, bizitza bera... Maritxuk honetaz guztiaz hitz egiten du bizitasunez, gaztetasun distira batez bere begiradan, mingostasun arrastorik erakutsi barik. Emakume izatearena, jakina, ezinbestekoa izan da, baita ere, hau guztia azaltzeko orduan, baina beharbada, bere belaunaldia gogorren markatu duena, nola ez, politika izan da:
“Hemen, politika, buru-belarri murgildu den jendearentzat erdiragarria izan da oso... baina beharrezkoa izan zen? Nik uste dut baietz”. 
1978: Iruñeko emakumezko zuzendari berri batek Donostiako Zinemaldian Kalitatezko Saria irabazten du bere lehen lanarekin. Kritika guztiek ibilbide luzea osatuko duen zinegile batez hitz egiten dute. Hala ere, pelikularen eduki politikoa dela eta, banaketa debekaturik geratzen da. Beste laburmetraia bat egin ondoren bere aztarna galdu egiten da...
2016: Bilboko emakumezko zuzendari berri batek Donostiako zinemaldian bere lehenengo pelikula aurkezten du lehiaketatik kanpo. Sentikortasun handiz eta maitasunez jorratutako lana da gero. Bi emakumezko belaunaldi ezberdinen arteko zubi ederra eraikitzen du. Honetan ere jasotako kritikak bikainak izan dira oro. Orain, garaiak benetan aldatu diren ala ez baieztatzeko, Fresnedari buruz etorkizuneko lerroetan zenbat hitz idazten diren ikusteke dago baita ere.    







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat