2017(e)ko urtarrilakren 1(a), igandea

AGUR TELEFONO-KABINAK



Jose Luis Lopez Vázquezek, 1972. urtean, Espainiako batezbesteko hiritarraren
irudia ematen omen zuen. Hori zela eta, Antonio Mercero zinegileak “La Cabina” izeneko film laburrean protagonista bakar izateko aukeratu zuen.
Film mitiko honetan tipo bat telefono-kabina batean sartzen da dei arrunt bat egiteko asmoz. Deia egin ondoren gizajoak ezin du atea zabaldu. Ez dago irteterik. Bertaratzen direnen artean mota guztietako irtenbideak martxan jartzen ahalegintzen dira, baina alferrik. Kabina hori tranpa besterik ez da. Ilunsentian, langile misteriotsu batzuk kamioi baten gainean nolabaiteko kabinen hilerri batera eramango dute. Han, Lopez Vázquezen harridurarako, bera bezalako hiritar pilo batekin egingo du topo. Bakoitza bere kabinan. Denak hilda. Azkeneko eszenan protagonistaren aurpegi etsitua pantailaren behe-aldetik desagertzen da, ikara bere begietan.
TVEk ekoiztutako lan honen erruz, kristoren amesgaiztoak izan nituen luzaroan. Europan zehar sari ugari jaso zuen “La Cabina”k eta harrezkero, garai hartan indarrean zegoen kate bakarrak behin eta berriz errepikatuko zuen bere emisioa. Geroztik, askok mesfidantza puntu batez begiratuko genituen hainbeste kaletan ugaltzen ziren tramankulu haiek.
Mendea amaitzear zegoela, bai aktorea, bai bere presondegia berriro agertu ziren gure telebistetan. Telefonicak monopolioa galduz gero, beste operadoreak aukeratzeko atea zabaltzen zen eta berri ona emateko, iragarki bat egin zuten non Lopez Vázquez kabinatik irteten zen erdi pozik erdi itzalgaizturik.
Orain kabinak dira desagertzear omen daudenak (gida telefonikoekin batera, aizu) . Urtarriletik aurrera, Telefonica konpainiak ez du kabinen kopuru bat mantentzeko beharra izango eta horrez geroztik, garai batean horren erabiliak zirenak, nekez ikusiko ditugu gure kaleetan.
2000. urtean indarrean zeuden 109.000 kabinetatik, gaur egun 26.000 geratzen dira bizirik (edo). Eta ez da bakarrik gurean gertatzen. Smartphonen zabalkuntzak baztertzera eraman ditu herrialde gehienetan. Belgikan aspaldi desagerturik daude. Britainia Handian turistentzako ikuskizun moduan geratuko dira batzuk, beste batzuk salgai daude eta banaka batzuk aparatu ezberdinak kargatzeko moldatu dituzte (Solarbox izenarekin ezagutuak).
Japonian -beti horren orijinalak hauek- akuario bilakatzen ari dira eta Frantzian azken aukera bat emango diete: azarotik indarrean daude Parisko hirian bisitarientzako kabinak. Musu-truk erabil daitezke hamar minutuko tartean, oraingoz behintzat, Paris inguruko informazioa bilatzeko bakarrik.
Merkataritzaren eta Konpetentziaren Batzorde Nazionalak argitara eman dituen datuen arabera egungo telefono erabiltzaileen artean, ehuneko 88ak sekula ez du kabina bat erabili.
Telefono-kabina txit ahaztua: Ez dizut esango maite zintudala, ez litzatekeelako egia izango. Askotan lapurtua sentitu naiz zure barnean, nire txanponak abiadura handiz irensten zenituenean eta iraganeranzko bidaia luuuuuzea egin beharko nuke erabilgai den zuetariko bat aurkitzeko. Baina kabina baten barruan lortu nuen nire lehenengo hitzordua neska batekin eta hori ez da erraz ahaztekoa. Gainera, ez gaitezen engaina: zerbitzu publiko bat desagertzen denean... gurea den zerbait desagertzen da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat