2017(e)ko urtarrilakren 20(a), ostirala

TITANICEN ITZALPEAN




Talka egin ondoren, Titanicen zaintzaile bat kapitainarengana doa. Honek haserre ematen duenez, gazteak ziztu bizian berria emateko era zeharka asmatzen du:
_ Kapitain, berri bat ona eta beste bat txarra ditut...
_ Hasi onarekin, umore txarrez nago- eta...
_ Hamaika oscar emango digute!...
Egun hauetan Bilboko Euskalduna jauregian dugu ikusgai Titanicen inguruko erakusketa interesgarria. Berriro ere tragedia hau zein erakargarria den baieztatzeko aukera izaten ari gara. Ezbairik ez, gazte askorentzat 1997. urtean horrenbeste sari jaso zituen pelikularen eragina ezinbestekoa da esposizio honen arrakasta ulertzeko. Baina hori ez da, inondik ere, naufragio honek sorrarazten duen morboaren zergati bakarra.
Inguruabar pilo bat bildu ziren 1912ko apirilaren 14an gertatutako urperatze hartan, zerbait epiko eta ahaztezina bilakatzeko. Erakusketan ikus daitezkeen ume askoren harridura aurpegiak begiratu besterik ez dago honetaz jabetzeko. Izan ere, jende askorentzat Titanic-ena historian zehar gertatu den hondorapenik larriena da, baina ez da hala.
Hogeita hamahiru urte geroago, 1945.urtean, Itsaso Baltikoan, Wilhelm Gustloff  izeneko bidaiari itsasontzia hondoratu zuten. Titanicen baino bost aldiz gehiago izan ziren hildakoak urperaketan. Ordea Guinness errekor triste hau historiaren orrialde ezkutuetan geratu omen da betiko.
Bigarren mundu gerraren azkenengo egunak ziren haiek. Naziak atzera egiten ari ziren. Sobietar Batasunaren  armada inguratzen ari ziren eta Gotenhafen-eko kaia eroriko zenaren beldur ziren. Ahalik eta jende gehien -soldaduak eta errefuxiatuak gehienbat- sartu zituzten ontzira Danimarkara iristeko asmoz. Arrisku bizian zeuden, sobietarrek une oro miatzen baitzituzten ur haiek. Urtarrilaren 30ean itsasoratu zen. 10.500  pasaiari baino gehiago ziren guztira, haietariko asko haurrak. Barruan denontzako lekurik ez zegoenez, askok agerian egin behar izan zuten bidaia. Barkua nekez mugitzen zen. Gaueko hamaikak aldera, S-13 itsaspeko sobietar batek hiru torpedo bota zituen. Berrogeita hamalau minutuan, armada gorrikoek itsasontzia hondoratu zuten. Alemaniar gerraontziek lortu zuten 960 pertsona erreskatatzea, haietako asko berehala hotzak hil baziren ere. 9343 pertsona hil ziren guztira.
Ikusten denez, urperaketen artean ere aldeak daude. Laster hirurogeita bederatzigarren urteurrena beteko duen Wilhelm Gustloffen hondamena ez zen “Belle Epoquen” gertatu. Barruan ez zegoen aberatsik, ezta luxuzko gelarik ere. Itsasoak irensten zuen bitartean inork ez zuen meza kanturik abesten. Eragilea ez zen ezusteko iceberg bat, sobietar gerra-itsaspeko bat baizik. Günter Grass idazle ospetsuak eleberri bat eskaini zion arren, kultura munduan utzitako aztarna askoz txikiagoa izan da. Ez dago inongo “glamourrik” horrelako basakeria batean, Estatu Batuek botatako bonba atomikoarekin gertatzen den legez, Hollywooden inork ez du interesgarri ikusten. Hor ez zen ez heroirik ez epikarik, hor sumatzen den bakarra gizadiaren alderik beltzena da. “Seiehun hildako gurutzaontzi bat hondoratu ostean” agertu zen nire Facebooken berriki. Berrian klikatzean, mezu hau agertzen zen: “Ez da gurutzaontzi bat izan, patera bat baizik. Baina klikatuko al zenukeen hau jakinez gero?”. Ba hori.       


       

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat