2017(e)ko urtarrilakren 22(a), igandea

ZALDITIK TIRAKA




Antzinako egunkariak bisitatzea oso ariketa irakasgarria izaten da. Sare sozialetan  badaude batzuk orain dela zenbait hamarkadatako tituluak sarritan oparitzen dizkigutenak. Bilboko “Hoja del Lunes” izandakoan 1975eko irailean honako harribitxia irakur zitekeen: “Vizcaya no consume drogas” eta pixka bat beherago “que carezcan de fines curativos”. Erreportajeak periodikoaren lehenengo orrialde osoa betetzen zuen eta besteak beste honelako baieztapenak agertzen ziren: “En Bilbao hay dos o tres morfinómanos, pero están controlados”, “Vizcaya consume casi cuatrocientos mil tubos de barbitúricos al año”... Artikuluan ez da inondik agertzen garai hartan droga guztietan nagusi zena, alkohola. Izan ere, barruko orrialdeetan zenbait edari biziren iragarkiak agertzen ziren eta kiroletako atalean “Karpi” izeneko txirrindulari taldearen balentrien berri ematen zen (Karpi Amurrion sortutako laranja-likore ospetsu baten izena da).
1972. urteko beste titulu harrigarri batean “sasi-drogen” berri ematen ziguten: “Dos estudiantes de náutica drogados en plena calle de Santurce” eta azpititulu modura: “utilizaron la pseudodroga”. Gero berriaren testuan sartzean jakingo dugu “erabilera arrunteko substantzia bat” erabili zutela, “merkatuetan kamamila antzera saltzen dena eta izena emango ez duguna ulerterraza den arrazoiengatik”, “Zoritxarrez” -gehitzen du kazetariak- “kasu hau, gure gazteen artean egunero gertatzen ari direnetako bat gehiago besterik ez da” eta bukatzeko “salatu behar dugu gaurkotasun biziko arazo bat, guztion ardura izan behar duena, batez ere gurasoen artean”.
Gaur egun horrelakoak irakurtzean ezin saihestu samindura pixka bat sentitzea. Urte batzuen bueltan irakur zitezkeen berriek ez zuten inolako lañotasunik agertzen. Lapurretak, arazo psikiatrikoak, HIESA eta gainerako gaixotasunak, heroina gaindosiak edo  droga manipulazioagatik hildakoak eguneroko ogi bihurtuko ziren,  madarikazio bat izango balitz bezala. Zaldia “gure gazteen joera iraultzaileak leuntzeko” erabiltzea, nolabaiteko mantra bihurtu zen zenbait girotan, ETAk, argudio horrekin, balizko trafikanteak hiltzeraino.
Drogaren erabiltze politikoarena ez da bakarrik gurean entzun. Izan ere, heroinaren hildakoak ez ziren hemen bakarrik gertatu eta zifren arabera aldeak ez dira nabarmenak. Estatistikako Institutu Nazionaleko datuen arabera, laurogeita hamargarreneko hamarkadan hildakoen kopururik handiena ezagutu zen, milatik gora hildako urtero; ehuneko hirurogeita hamabosta Madril eta Bartzelonako probintzietan. Urte batzuetan beheranzko joera eman zen eta 2010. urtean 434raino jaitsi zen,  baina 2011. urtean berriro gorakada bat izan zen eta 2013an baziren 626 hildako .
Estatuaren egituraren batetik antolatu al zen hau? Juan Carlos Usó historialariak kontrako teoria defendatzen du “¿Nos Matan Con Heroina?” liburuan. Orain dela gutxi, sarean berarekin eztabaida sutsuak izan dituen Justo Arriola ikerlari elgoibartarrak aldeko teoriak sustatuko dituen seinaleak eman nahi ditu bere “A los Pies del Caballo” izeneko lanean. Nolanahi ere, nik ez dut uste zergatirik erabakigarriena izango litzatekeenik. Aldez aurretik bazegoen mota guztietako esperientzia berriak probatzeko grina. Bestalde, hildakoen gorakada biak krisi garaian gertatu izana ez dut uste kasualitate hutsa denik.      

    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat