
Bost hizkuntza mintzatzeko
eta beste dozena erdi irakurtzeko gai den ikerlari honek “elebidun diren euskaldunenganako miresmena”
adierazten du. Bere iritziz bi hizkuntza hauen artean dauden ezberdintasun
sakonak aparteko lorpen bihurtzen du gurean elebiduna izatea. “Harrigarria da
-idatzi du- nola euskaldunak ur-hizkuntza batetik mendi-hizkuntza batera -eta
alderantziz- pasa daitezkeen. Dirudienez gizakion burua mendizale aditua eta
igerilari ona izan daiteke aldi berean”. Bestalde, eta kontraesankor eman
badezake ere, autore honek euskara gaztelaniaren sustraietan dagoela
baieztatzen du : “bere sorreratik eta bere eragina oso garbia da aro
erromanikotik ere”. Ildo berean “gaztelaniak dituen bokal-hotsak euskaratik
datoz”. Bere ustez “erraztasun iraultzaileko sistema da hau, gogora dezagun,
besteak beste, italierak zazpi bokal dituela eta portugesak hamalau”. Gaztelaniak euskaratik hartutako hitzen
artean honako hauek aipatzen ditu: “izquierdo”, “pizarra”, “zamarra”,
“cencerro”, “vega”, “aquelarre” edota “órdago”.
Ikertzaile honen ustez, gaur egun nazio eta
hizkuntzaren artean horren estua ikusten dugun erlazioa zerbait berria da, XIX.
mendekoa hain zuzen. Lehenago ohikoa zen herrialde bakar batean hizkuntza ugari
elkarrekin bizitzea. Askotan hizkuntzen tamaina eta estatuena bat datozelakoan
gaude. Baina hau ere ez da beti horrela gertatzen. Katalana adibidez lau
herrialde ezberdinetan mintzatzen da, hamaika milioi hiztun baino gehiago
dauka, baina ez dago hizkuntza ofizialtzat hartua Europar Batasunean. Dorrenen
hitzetan “Andorra kidetzat hartuko balute Europar Batasunean katalanak
ofizialtasun estatusa hartuko luke. Beharbada Kataluniak norbaiti egin beharko
lioke bultza”.
Nazioen
subiranotasuna eta haien hizkuntzaren etorkizuna askotan lotu egiten dira,
baina gaeleraren kasuan ez da horrela gertatu. Gaston Dorrenen ustez, hezkuntza
politikan dago gakoa: “Irlandan gaelera derrigorrezko irakasgaia izan da
oinarrizko irakaskuntzan. Ikasle askorentzat horrek gaelera gorrotatzera eraman
du”. Bestalde, Dorrenek ez du ingelesa oso hizkuntza aproposa ikusten
nazioarteko mintzaira izateko: “Bere gramatikak ez du gainontzeko
hizkuntzenarekin inolako zerikusirik, bere ortografia ezin txarragoa da eta bere
ahoskatzea benetan zaila da. Gaztelania aukera hobea izango litzateke, baina ez
da hau ere, aukera bikaina”. Hirurogei hizkuntza ezberdin hitz egiten dira
Europan zehar. Batzuk -gagauzera esaterako- guztiz ezezagunak dira. Dorrenen
lana labirinto honetan sartzeko gida bezala pentsatua dago.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina