2017(e)ko maiatzakren 8(a), astelehena

PANPINAK

Ramoncinek, 'Salvados' telebista-programan esana: «Nik oso argi izan behar dut hau, maltzurkeria horiek guztiak esaten dituztenak ez dira nitaz hitz egiten ari, bestela zoratuko nintzateke. Hor badago panpina bat, nire irudia daukana, eta hori da ahoz aho dabilen Ramoncin eta ez ni...».
Denok omen daukagu bai, gure antza duen panpina bat besteok irudikaturik eta era berean, guztiok, ezinbestean, besteen panpinak fabrikatzen ditugu, batzuetan dugun informazioarekin eta beste batzuetan imajinatzen dugunarekin soilik.
Oso ezagunak ez baldin bagara, gure panpina –tira, gure irudi publikoa– inguru hurbilean geratuko da. Beti izango da, bai, panpinak fabrikatzen zaletasun berezia daukanik, ziur aski haien bizitzek interes handirik ez dutelako. Hau da, esaterako, Canovas, Rodrigo Adolfo y Guzman taldeak horren fin 'Señora Azul' abestian marrazten zutena: «Tú no puedes apreciar con propiedad/ El color de la cuestión/ Porque desde la barrera sueles ver/ Toros que no son/ Y parecen ser». Taldekoek ere, ezbairik ez, andre horren inguruan egiaz eta aurreiritziz gauzatutako panpina bat sortuko zuten.
Egun batean oso dotore eta ederrak agertzen diren panpinak, beste egun baterako itsusiak eta ziztrinak bilaka daitezke. Zaila da bere egunean Nadal eta Planeta sariak irabazi zituen Lucía Etxebarriari buruzko aldeko iritziak aurkitzea gaur egun. Besteetan guztiz kontrakoa ere gertatu da. Dolores Vázquez kartzelan sartu zutenean, Rocio Vanninkhoffen hilketa leporatuta, ahots bakar batek ez zuen esan errugabe izan zitekeela, benetako hiltzailea agertu zen arte. Egun batetik bestera panpina itxuraz aldatu zen oso. Gizarte osoak irudikatzen zuen panpina gorrotagarri horri berriro soineko eder bat jantzi behar genion.
Berriki, Joseba Sarrionaindia bere gaurko irudiaz prentsan agertu zenean, ez ziren gutxi sare sozialetan beren harridura erakutsi zutenak. Imajinario kolektiboan Sarrik bere antzinako argazkikoa jarraituko zuen izaten, biziaren logikak kontrakoa susmatzera gonbidatzen bagintuen ere.
Bai, batzuetan gure panpinaren morroi bihur gaitezke. Jorge Martinez-ek, Ilegales taldeko buruak, Jorge Ilegal y Los Magníficos sortu zuen, bolero, tango eta horrelako kutsu zaharreko estiloak landuz... laster, bere panpinak betiko itxurarekin agertu beharko zuela jabetuko zen. Bernardo Atxagak ere bere jatorrizko izenarekin sinatuko zuela hurrengo liburua iragarri zuen, handik gutxira bere «ideiarik egokiena» ez zela izan aitortzeko.
Badaude bai, mota ezberdineko panpinak arrakastaz erakutsi dituztenak, agian adibiderik borobilena David Bowie-rena izan liteke, baina salbuespenekin, «duke zuriaren» berezitasuna aldakorra izatean zetzan hain zuzen. 'Altzairuzko Panpina' saria Bob Dylanentzat izango litzateke noski, bere panpina suntsiezina dela sobera frogatu duelako.
Beste asko saiakera horretan hondoratu dira. Ezer gutxi ulertu ziren Princeren izen aldaketak eta aukeratu zuen deitura bitxi hura: 'Lehen Prince izenez ezagututako Artista' hark burla eta trufarako aukera ugari eman zuen.
Eta badago bai, denon gustuko ematen duen panpina. Erraustegian etzanda agertzen den panpina beldurgarri horren inguruan denak izaten dira laudorioak. Uste dugun baino lehenago heltzen den une madarikatu hori heldu baino lehen, saia gaitezen gure panpinaren txotxongiloak ez izaten.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat