2017(e)ko ekainakren 14(a), asteazkena

ANACONDA, EZIN GEHIAGO KONDA

 Agur betiko, larunbata gaueko sukarra, pistako errege-erreginak, eskuan kubata duten herriko Travoltak, erreserbatu ilunetako mito eta legendak, dantzaldi solteak eta lotuak, neska-taldearen koreografiak...
Agur betiko, Saloon erako liskar orokorrak, bafle erraldoiak, konbinatu exotikoak: ‘Lugunba’, ‘Vaca Verde’, ‘Mosca’, ‘Cua-Cua’, ‘Destornillador’, ‘Torombolo’, ‘Semaforo’, ‘Cerebrito’, ‘Pantera Rosa’...
Agur betiko, disc-jockey alaiak, txakur-aurpegiko ate-zaindariak, galtzerdi zuriei debekuak...

Agur betiko neskentzako doako ostegunak, gabon eta erregeetako kotiloiak, bi saioko ekitaldiak...
Agur eta ohore, izen handi horiei : ‘Garden’, ‘Galo’s’, ‘Cerebro’s’, ‘Aloha’, ‘Anaconda’, ‘Rivelino’s’, ‘People’s’, ‘Swan’s’, ‘Pumaniesca’, ‘El Volante’, ‘Zapa’, ‘Gwendoline’, ‘Delpho’s’, ‘Lau Bide’, ‘Ku’, ‘Trebol’, ‘Sokoa’, ‘Country’, ‘Young’s’, ‘Golden’, ‘Tiffany’s’, ‘La Perla’...
Agur betiko, diskotekak, hirurogeiko hamarkadan antzinako ‘txitxarrilloak’ ordezkatu zituztenak, nolabaiteko ‘modernitate’ koloretsu eta zalapartatsu batean sartzeko ilusioa sorrarazten zigutenak. Agur, ligatzeko polikiroldegiak, bikote askoren sorlekua, gazte mordo baten lehenengo zirrien eszena, eta lehenengo desengainuena.
Aste honetan Barakaldoko Anaconda diskotekaren itxiera ezagutu dugu. Nire hirurogei urteko anaiak eta nire hogeita bi urteko alabak dibertitzeko gunea izan dute, garai ezberdinetan. Nik ere, sekula oso diskotekazale ez izan arren, izan banituen nire Anaconda-uneak. Garai batean Radio Juventud-ek bere ‘Pasajeros de la Felicidad’ saioa bertan antolatzen zuen, larunbata goizetan. Jose Antonio Cayónek aurkezten zituen saioak eta pixka bat ‘Komantxe lurraldean’ sentitzen nintzen arren, Iman, Los Mismos, Miguel Rios, Rumba Tres, Tony Landa, Max-B eta antzeko artistak zuzenean dohain ikusteko parada izan nuen. Geroago, Zarama taldearekin hasi ginenean, horietako zenbait ‘boitetan’ jotzeko aukera izan genuen. Kamerino zahar horien paretetan ohikoak ziren antzinako taldeen argazkiak, normalean eskaintzaren batekin sinaturik: «Para la discoteca Yoko Lenno’s, con cariño y simpatía de Tony Ronald». Argazki horixka horietan, ehunka talde ahaztutakoen irudiak biltzen ziren; beti oso dotore jantziak, beti irribarretsuak, agian ospe eta loriazko ametsez beterik. Horietako talde asko disko ziztrin bat grabatu gabe desagertu ziren eta haien aztarnak, banaka batzuen oroimenean dirau soilik bizirik.
Bitxia da gero. Askoren gaztaroan protagonismo itzela izan arren eta duda barik ekimen kultural egonkor baten sortzaileak baziren ere, gizarteak askotan, ez ditu begi onez ikusi eta gehiegitan mota guztietako susmo txarrak eta esamesak jaso izan behar dituzte. Inork ez du inoiz diskoteka batean pentsatu sari instituzional bat eskaintzeko orduan, eta bai, adibidez, lehergailu bat ipintzeko garaian (’ETA, deja alguna diskoteka’ abesten zuen Lehendakaris Muertos taldeak).
Batzuk oraindik bizirik dirauten arren, badirudi diskoteken garaia, ezagutu dugun eran behintzat, amaitutzat hartu daitekeela.
Agur betiko, ke eta kolore tximista artean dantza egiten zuen gazteria, afixa erraldoiak kaleetan, talde eta orkestra askoren ogibidea. Ispiluen bola betiko gelditu da. Agur eta ohore.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat