2017(e)ko ekainakren 14(a), asteazkena

RENO RENARDO: 10 URTE

Bai musikan eta bai literaturan, nahiko obsesiboa izateko ohitura dudala aitortu behar dut. Aldian behin nire barnean zerbait pitzarazten duen artistaren bat aurkitzeari, bizirik irauteko arrazoi nahikoa deritzot. Honelako zerbait gertatzen denean nire 'amorante' berriaren ibileran sakontzeko joera daukat. Hamahiru urte nituela gertatu zitzaidan lehenengoz, garai hartan Rolling Stonesen 'herrialdera' egiten nuen ihes, ahal nuen beste alditan, inguratzen ninduen asperdura eta kaskarkeria ahazteko asmoz. Ustezko herrialde hartan emakume interesgarriak, munduko bira kitzikagarriak eta bost kontinenteetan entzuten ziren abesti urratzaileak ugaltzen ziren. Zerrenda beste izen ugariz gizenduko zen: Lou Reed, The Doors, Joe Jackson, Santana, Sex Pistols, Blondie, Ramones, Stranglers, Clash, Ruben Blades, La Lupe, Benito Lertxundi, Bersuit, Radiohead... Azkenaldian La Yegros, talde argentinarraren herrialdera joaten naiz tarteka bizitzera. Bilbon ikusteko aukera izan nuen, joan den astean, eta oraindik ere jira eta bira dabil bere kunbia psikodelikoaren doinua nire baitan.
Baina bizitzaren zama astunegia egiten zaidanean, eguneroko lehiak gainditzen nauenean, nire burua martetartxo-makina batean etengabeko borrokan sentitzen dudanean... orduan eskura eduki nahi dut El Reno Renardo.
Batzuetan heavy-metaleko klasikoak oinarri, beste batzuetan Mecano eta Mocedades tankerako taldeen abestiak rock gogorraren esparrura eramanez, Bilboko laukote honek oso nortasun handiko marka eskaintzea lortu du. Musikari bikainak badira ere, hitzetan dago, ziur aski, euren arrakastaren koska.
Jevo Jevardok asmatutako erretratuak garratzak dira nonbait, baina sekula ez dira panfletarioak edo progresismo errazaren egia sakratuen morroi. Marrazten diren egoerek gutariko askoren bizitzarekin dute zerikusi zuzena: hozkailua zabaltzean beldurrezko pelikula bat aurkitzen denean; zure alabaren 'hamster' kuttuna arratoi nazkagarri bihurtzen denean; isuna jarri berri dizun munipa hori zure eskuekin itoko zenuenean...
Kantuen pertsonaiak gaur egungo antiheroiak izaten dira. Gutariko bat izan daitezke eta hauetariko bat ere bai: Asteburuetan 'Coronel Tapioccaz' jantzirik herri txikietan galtzen diren kalekume patetikoak; «ez dago potrorik» entzunez gero edozein kirtenkeria egiteko gai bihurtzen diren astapotroak; Facebooken kontrako agiri iraultzailea argitaratu ondoren, sare sozial hau bertan behera uzten dutenak, gero egun batzuen bueltan atzeko atetik berriro sartzeko...
Aurten hamar urte bete dituzte eta ospatzeko 'Orgía con Satán' izeneko diskoa eta haien ibilera islatzen duen dokumental bat argitaratu dute. Diskoan euskaraz egindako lehenengo kantua sartu dute. Euskararen aldeko jai guztietarako egiten diren ereserkien parodia ederra. Izan ere, izena nahiko esanguratsua da: 'Euskal Txupifesta': «Gu ez gara trikitilariak/ ezta ere txalapartariak/ baina hemen ordaintzen ditugu zergak/ Subentzioak asko maite ditugu/ ta berdin zaigu PNV ala Bildu/ Ez dugu nahi apartheid kulturala/ Nork ote erabakitzen ditu hemen eusko labelak?/
 Bizi luzea Metaleko Babuinoei!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat