2019(e)ko azaroakren 12(a), asteartea

COLOMBOREN BEGI ERNEA


Batzuetan egonezina nagusitzen da nire baitan. Egun batetik bestera nire bizitzaren zutabeak  arrakalaz  bete direlakoan nago eta inguratzen nauen guztia arrotza egiten zait. Egun horietan zapaltzen dudan lurra ere mugitzen ari dela sentitzen dut eta zerbait bilatu behar dut, finko eta egonkorra, sentipen jasanezin hori lehenbailehen uxatzeko. Joan den egunean horrelakoetan nengoelarik,  telebista piztu nuen eta bilaketa urduria egin ostean hor agertu zinen berriro, nire estutasuna leunduz: Colombo tenientea. Uuuuuf.
Ni oraindik umea izanik ikusi zintudan lehenbizikoz zuri-beltzeko pantaila hartan. Zurekin batera, oker ez banago,  beste ikertzaile batzuk sortu ziren 1972an eta ondoko urteetan, “Banacec”, “Starsky & Hutch” eta beste antzeko batzuk, baina zurea, oso eskaintza berria zen, benetan, eskaintza iraultzailea deituko nuke nik. Gainerako detektibeak goapo eta modernoak izaten ziren, beren bideetan gurutzatzen ziren neska-pusken bihotzak apurtzeko ohitura zuten eta euren ataletan ez ziren falta tiroak eta pertsekuzioak.
Aitortu behar dizut. Lehen aldiz zurekin topo egin nuenean epe laburreko gauza izango zinelakoan nengoen. Nolatan ikertzaile begibakar eta zarpailtsu batek lor zezakeen audientziaren konfiantza? Zeinek nahi du auto ziztrina gidatzen duen eta pistola sekula erabiltzen ez duen poliziarik? Nork miretsiko zuen gabardina zahar eta puru-punta nazkagarri batez agertzen zen pertsonaiarik?
Ba bai. Begiratu batean itxura utzia eta ustez despistatua zenuela zenirudienez, ezagutzen ez zintuen jende askok baldar eta dohakabetzat jotzen zintuen, baina ez zinen halakoa. Guztiz kontrakoa baizik. Los Angeles hiriko poliziak zuen ikertzaile argiena zinen. Guztiz galduta zeundela zirudien arren, kasurik nahasienak ere argitzeko gai zinen. Zure ikasgaia argi eta garbi zegoen: Inoiz ez dugu itxuraz fidatu behar. Berrogeita hamar urte baino gehiago pasa dira 1968. urtean zure lehenengo atala grabatu zenuenetik eta hor jarraitzen duzu, hiltzaile aberatsak eta sasi-jakintsuak espetxeratzen behin eta berriz.
Peter Falk eta Colombo, Colombo eta Peter Falk, musika esparruan erabiltzen diren hitzetan, zu “one hit wonder” bat izango zinateke. Inork ez du Peterren beste pertsonaiaren bat gogoratzen eta imajinaezina da Colomboren papera beste aktore batekin imajinatzea. Egia da beste lan batzuetan ere aritu zinela, batzuetan kritika onak eta sariren bat lortuz, baina bizirik dirauena, urteak pasa ahala, Colombo da. Horrek ez du bueltarik.
Zure inguruan agertu ziren azken berriak erabat tristeak izan ziren. Alzheimerrek jota zeundelarik errodaje batetik egin zenuen ihes eta autobide erdian aurkitu zintuzten erabat galduta, zure burua arrisku bizian jarriz. Bigarren emaztea eta aurretik zeneukan alaba adoptatua auzitegietan lehiatu ziren luzaroan zure babesa lortu nahian. Beharra 2009an utzi behar izan zenuen eta 2012an betirako utzi gintuzun.
Baina zorionez, hor geratu zaizkigu betirako zure aurreikusteko moduko ikerketak, zure galdera sasi-inozoak, inoiz agertu ez den emazte hori eta batez ere zure irribarrea, justiziak beti irabazten duela adierazten ziguna: estatus sozialaren gainetik, ospearen gainetik, iruzur eta ustelkeriaren gainetik.
Bada, eskerrik asko Peter Falk, Colombo, zure gezur goxo hori eskaintzeagatik.






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat