2020(e)ko uztailakren 23(a), osteguna

AZTIAK ETA TRIKIMAILUAK

Batzuetan bizitzak egun bereziak oparitzen dizkit. Joan den astean Bilbon ekitaldi benetan berezi bat aurkezten aritu nintzen: "Demoday de Emprendimiento Musical" izenekoa edo, beste era batera esanda, ikastaro baten azken gala, non 21 musika proiektuk – laurogeiren artean hautatuak – ekoizleen eta adituen aholkularitza jaso zuten, besteak beste, soinuan, irudian eta marketinean, hiru hilabetez,”gratis et amore”. Ekitaldian, talde eta bakarlari ezberdinek euren ondorioak eta aurrera begirako estrategia azalduko zizkiguten. Bitxia benetan. Imajinatzen duzu? “Nire izena Juantxu da, Menganoak taldeko ordezkaria, nire marketin-estrategia hau da, emango dugun irudia beste hau da, horrelako publiko bati zuzendu nahi diogu gure burua, 2021erako gure helburuak hauek dira eta bukatzeko, hona hemen gure bideoklip bat”. Aurkezpenean esan nuen bezala, egia esan, musikan arrakasta lortu nahi izan duen artista orok bere "ekintzailetza proiektua" izan du nolabait, deitu Mocedades, Joan Manuel Serrat edo Eskorbuto. Arlo horretan arrakasta izatearekin amets egin dugun guztiok erabakiak hartu behar izan ditugu, jakina: bideoklipa egingo al dugu? Norekin? Norentzat joko genuke doan? Kantaria handiago jarriko al dugu argazkian? Eta zelan elizari ziria sartzen badiogu? Horrelako erabakiak intimitatean hartzen dira, edo -kasu pribilegiatuetan- manager batekin diseinatzen dira . Baina, nire uste makalean, ez da oso gomendagarria izaten zure asmo guztiak jendaurrean erakustea. Suposatzen da zure proposamenak behar bezain erakargarria izan behar duela haiek, publikoak eta kritikoak jar diezazkizuten etiketak, definizioak eta rankingean merezi duzun postua. "Benetakotasun" ospetsua, denok dakigu, lurretik sortzen ez den zerbait da. Ureztatu egin behar da, eguzkitan jarri eta zaindu... baina gero bere distira osoan loratu arte itxaron behar da, eta hori ez da beti gertatzen. Lana eta talentua ezinbestekoak izaten dira ibilbide arrakastatsuetan, baina gainerako guztiarentzat ez dago formula magikorik. Paideia Galiza fundazioak eta E.O.I.k (Industria Antolakuntzaren Eskolak) bultzatutako "Demoday" horretako artisten hitzaldiak entzunda, nire irudimenak, batzuetan, hegan egiten zuen... "Gabon. Nire izena Johny Rottem da eta Sex Pistols taldeko ekintzailetza proiektua aurkeztuko dizuet. Egia esan, Rottem (ustela) ezizen hori jarri diot neure buruari, nire estrategiarako oso egokia iruditzen zaidalako. Punk talde bat egingo dugu, burgesak urduri jarriko dituena, baina baita hippyak ere. Horretarako, kateorratzak iltzatuko ditugu aurpegian eta Elizabeth erreginari faxista deitzen dion abesti bat aterako dugu eta, zalantzarik gabe, debekatu egingo digute. Gero, telebistako audientzia haundiko saio batera joaten saiatuko gara, eta hainbeste irain botako ditugu, non estatu mailan eskandalu bat sortuko den eta aurkezlea botako duten... ea zortea dagoen eta gure ametsak betetzen diren". Aurkeztu zirenen artean artistarik originaletako batek, Pablo Riosek, ekitaldiaren ondoren nire “benetako” iritzia eman nezan irrikaz eskatu zidan. Berari esan nion bezala, zuri esaten dizut orain: “Askok asko ikasiko zenuten eta batzuei oso ondo etorriko zaizue. Ezbairik ez. Baina une oro sentitu dut beren trikimailuak jendaurrean erakusten zituzten aztiak zinetela”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat