2020(e)ko uztailakren 30(a), osteguna

LEZO URREIZTIETA

Zarama taldea desagertu ondoren, Josebak, gure teklatu-jotzaileak, musika abentura berri bati ekin zion, beste musikari batzuekin elkartuz: "Urreiztieta Konexion", ibilbide laburreko banda, baina kantu onen sorta bat utzi zuena. Izenburua nire burutik sortu zen. Lezo Urreiztieta Rekalde omentzea proposatu nuen, haren biografia irakurtzen ari bainintzen orduan. Martin Ugalde idazleak pertsonaiarekin hainbat orduz hitz egin ondoren egin zuen liburu horrekin erabat txundituta negoen. "Errepikaezina" deitura motz geratzen zaion pertsonaiaz ari gara. Santurtziar honen bizitza bere militantzia abertzaleak eta bere izpiritu abenturazaleak markatu zuten. Ikasle txarra izanik txikitatik itsasgizonen artean ibili zen euren lanak eta trikimailuak ikasten. Denboraren poderioz itsasoz egindako kontrabandoan aditu bihurtu zen. Portuetako kontrolak behin eta berriz trufatu zituen, armada errepublikarra armaz hornitzeko eta erresistentziako kideak Frantziara pasatzeko, gerra aurretik eta ondoren, erbestean bizi zenean. Nahiz eta nazionalista eta katoliko praktikatzailea izan, Indalecio Prieto bezalako sozialisten lagun mina izan zen, eta berdin lagundu zien, bere bizitza arriskatuz, anti-frankista guztiei. Ezagutu zutenek diotenez, ez zitzaion gustatzen inork "beretar"tzat hartzea. "Urreiztieta Konexion" taldeak Bilboko Kafe Antzokian lehen diskoa aurkeztu baino ordu batzuk lehenago, Jose Angel Irigaray "Ez dok Amairu" taldeko kide historikoak eta lokaleko bazkideak telefonoz hots egin zidan: "Lezoren ondorengo batzuk etorriko dira, interesatuta daude eta. Emanaldiaren ondoren aurkeztuko dizkizut". Eta horrela izan zen. Izan ere kontzertua amaitu zenean, bizitzan izan dudan estualdirik handienetako batean aurkitu nintzen bat-batean. Seme-alabak, ilobak, bilobak, lehengusuak... Lezoren ondorengoen talde amaigabea bildu zen hor, Frantziako hainbat tokitatik etorria, ekitaldia ikusteko eta izenburuaren zergatiaren berri izateko. Haietako askorekin nire komunikazioa ezinezkoa zen... Jakin ahal nuenez, Lezok, Santurtzin ez ezik, Iparraldean eta Bretainian ere bazituen ondorengoak... Orain, Josu Martinez EHUko irakasle eta ikertzailearen "Jainkoak ez dit barkatzen" dokumentala sarean dago ikusgai. Lan honetako lehengai nagusia Martin Ugaldek berarekin grabatu zituen zinta horiek dira. Haren ahots epelak eta haren jatortasunak, une oro, lagun zahar baten batailatxoak entzutearen sentsazioa sortzen dute. Haren testigantza gure lurraldeko XX. mende asaldatuari buruzko erretratu zirraragarri bezain sinestezina suertatzen da. Haurtzaro bihurria, gaztetasun kementsua, abenturaz jositako heldutasuna, eta bukatzeko, errealismo magikoan sar litekeen proiektu zoragarri bat: Lezoren esanetan, Mexikoko Gobernuarekin Guadalupe uhartea "Euskadi berrirako" kokaleku gisa hartzeko aukera negoziatzen saiatu zen. Euskal Herriko kostaldeak bezainbat kilometro dituen uharte horretan, euskaldunak euskaraz hitz egiten eta beren ohiturak praktikatzen biziko ziren espainiar eta frantses domeinutik urrun... Begiak igurzteko modukoa, ezta? Bada, horrela, gainerako guztia ere.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat