2021(e)ko martxoakren 1(a), astelehena

PILULA GORRIA

 

Julia Ebner kazetari-ikertzailea

Artikulu hau irakurtzen duzun bitartean, planetan zehar dauden Interneteko ehunka forotan, soldadu berriak sartzen ari dira «argidunen» armada ezberdinetan. Orain arte jende arrunta zen, giza eskubideetan, botere-banaketan, askatasunetan eta demokrazietan saltzen dizkiguten erretolika horietan sinesten zuena. Baina orain ez. Haiek «pilula gorria» aukeratu dute, eta, bat-batean, ezkutatzen zitzaien errealitate hori argi eta garbi agertu da begien aurrean. Orain, haien bizitzek norabide garbia izango dute. Pastilla gorria, eta haren kontrakoa, pastilla urdina, 'The Matrix' filmetik jasotako sinboloak dira, askotan muturreko txat mota horietan erabiltzen direnak. Egia deserosoaren edo ezjakintasun gozoaren arteko hautua irudikatzen dute. Gorria aukeratu ondoren, «esnatzea» gertatzen da, eta bizitzak «zentzua hartzen du». 

Kasu batzuetan, arrazak nahasten ez dituen gizarte baten alde lan egitea izango da zentzu hori; beste batzuetan, juduek, LGTB kolektibokoek, feministek edo «illuminatiek» gizateria menderatzeko egiten duten ezkutuko bilbea salatzea. Askotan hori guztia teoria hutsean geratuko da, entretenimendu inozente samar batean. Baina beste kasu batzuetan ez. DAESen indarkeriazko ekintza askoren edo Kapitolioaren aurkako erasoaren atzean, sare sozial ezagunenetan hasten diren erakartze eta erreklutamendu kanpaina biziak aurkitu dira. Julia Ebner kazetari ikertzaile austriarrak ondorio hori atera du. Vienan jaioa, terrorismoan eta estremismoan espezializatutako ikertzaile honek «Estremisten bizitza sekretua» izeneko liburua argitaratu berri du. Bertan, xehetasun guztiekin kontatzen digu munduko muturreko erakunde arriskutsuenetako batzuetan infiltratu bezala izan duen esperientzia. Atera dituen ondorioak ezin bortitzagoak dira: «Gaur egun ez dago erradikalizazio-kanpainetatik salbu dagoen interneteko erabiltzailerik, ezta atzerriko injerentzietatik libre dagoen hauteskunde-prozesurik ere. 

Bere logelan Fornite jokoan dabilen ikasle estatubatuar bat, jakin gabe, Errusiako propagandarako agente bihur daiteke; nerabe malaysiar bat, Irakeko ISISek eskualdeko berriemaile gisa errekrutatu dezake, eta Facebookeko erabiltzaile bat, Alemanian artikulu bat komentatzen duena, eskala handiko trol-ekaitz baten helburu izan daiteke». 'Herria Demokraziaren Kontra', Yascha Mounk estatubatuarrak egindako beste lan interesgarri batean, mendebaldeko demokrazietan bizi diren pertsonek euren ordezkari politikoekiko eta erakundeekiko gero eta susmo txarragoak dituztela erakusten du. Haien bizi-mailak geldituta daudenez eta etnia anitzeko gizarte baten beldur direnez, sistema demokratikoarekiko fedea egunetik egunera desagertzen ari da. 

Askatasuna eta errespetua zuten Europako sistema demokratikoen inbidiaz hazi zirenen artean nago ni. Jatorri ideologiko ezberdineko politikarien ahotan askotan errepikatzen zen esaldi bat zegoen: demokrazia da erregimen ezagunen artean horren gaiztoa ez dena. Hori zeharo aldatzen ari dela dirudi. Orain ez da harritzekoa gazteek -eta ez hain gazteek- «78ko erregimenari» muzin egitea. Eta bai, argi dago akatsez beteriko demokrazia batean bizi garela. Baina ez genuke ahaztu behar beste esaldi zahar hori: demokrazia babesteko era bakarra demokrazian sakontzea da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina