2021(e)ko martxoakren 9(a), asteartea

BIZIMODU PETRALAK

 


Badirudi 'munduko talderik onenaren' inguruan dagoen guztiak, haiek bezain aparta izan behar duela. Kikol Grau-ren 'Las Mas Macabras de las Vidas' pelikula Filmin plataforman dago eskuragarri egunotan. Berrogeita hamar minutuko produkzioa dugu hau, artxiboko irudietan oinarrituta. Lan honek Bartzelonako musika-dokumentalik onenaren 'Inedit' sari ospetsua irabazi zuen, orain dela bi urte. Zuzendariak eszena berri bakar bat ere ez zuen filmatu muntaketa osatzeko. Bai, artxiboko irudi zaharrak, bideoklip zatiak eta taldeak telebista saioetan egindako agerpenak bateratzen dituen lan baten aurrean gaude. Istorioa kontatzeko erabilitako haria euren diskoen zerrenda da. Banan-banan agertzen doaz guztiak, haien testuinguruan kokatuta eta elepe bakoitzaren inguruabarrei buruzko hainbat informazio-mezurekin ilustratuta.

Askotan, irudiak kolore gastatuz agertzen dira, edo etxeko bideoetan ohikoak diren marraz beterik, gehiegizko erabileragatik kaltetuak egongo balira bezala. Pentsa daitekeenaren kontra, honek guztiak ez dio kalterik egiten azken emaitzari. Higatutako irudi horiek ematen duten estetika zikin eta kaotikoak 80ko hamarkadan kokatzen gaituzte zuzenean, NO-DO eta film askoren zuri-beltzeko irudiek frankismo garaietara bidaltzen gaituzten antzera. Azken emaitza honek collage kaotiko bezain hipnotiko bat eskaintzen digu, non, beste ezeren gainetik, taldearen espiritua eta inguruan garatu zen giroa islatzen diren. Hileta-segizio baten aurkako polizia-kargak; misilekin egindako erasoak; 83ko uholdeak; zoriona agintzen duten garaiko publizitate-iragarkiak… eta sumendiaren erdian Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko langile-auzoetako hiru gazte, beren abestiekin soinu banda aparta ezarriz.

Bitxia da, baita ere, Eskorbutori buruzko film bat egiteko ahalegin ugari izan dela, baina orain arte bi baino ez dira egin. Iñigo Cobosen 'Generación Anti-Todo' izenekoan, Iosu Expósito eta Jualma Suárez ez dira plano bakar batean agertzen. Egia esan, bandari buruzko lan bat baino gehiago, belaunaldien arteko arrakalari buruzko ariketa bitxi bat da. Oraingo lan honetan, irudiak muntatzeko orduan, bandaren mamia islatzen jakin izan duen norbaiten ikuspegi subjektiboa dugu. Bada, artisau-lanak dira biak nolabait. Badirudi taldearen inguruan aurrera egin dezaketen proiektu bakarrak, beraiek zuten punk-arima dutenak direla; «zeuk egin ezazu», kamarada. Bestalde, Santurtziko hirukotea sortu zenetik izan den fenomeno bera gertatzen da oraindik ere, Eskorbutok ezinbesteko laguntzak lortzen zituen, gehien behar zituenean. Une egokienetan beti agertzen zen azal perfektu hori garaiz egiten ziena, bideoklip eder hura grabatzen ziena (halako zerbait horren erraza ez zenean), beren sena harrapatzen zekien argazkilaria edota teklatu-jotzaile miresgarri bat, azkenengo grabazioetan kutsu ezberdin bat ematea lortu zuena, zerbait berria eskaintzeko beharrean zeudenean, hain justu ere. Eta hori «etsai gehiegi» aitortu ondoren.

'Las Mas Macabras de las vidas' filmea, zaleentzat egindako fan baten lana da, baina taldearen ibilera aldera utzita, denboran zehar bidaiatzeko tresna egokia izan daiteke, baita ere; benetako bidaia zorabiagarria da hau, dagoeneko iragana den garai baterantz. Berriro ere Josuren hitzak iragarle: «Dena zaharkiturik egongo da eta gu hilda egongo gara».

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina