2021(e)ko apirilaren 5(a), astelehena

ABADE BELTZAK

 


Noizbehinka, nire haurtzaroko Jainkoarekin topo egiten dut berriro. «Meza Santua» deitzen duten zeremonia horietan gertatzen da, ospakizun sozialen batek eraginda. Azkenaldian, zoritxarrez, hiletak izaten dira ia beti. Badirudi denboraren joanak ez diela zeremonia horiei eragiten. Hor jarraitzen dute hitz handiz betetako erritual horiek, urrutiko santu batek korintioarrei bidalitako gutuna irakurtzera igotako fededunak, betiereko bizitza zertan zetzan azaltzeko. Mezu biribil bezain kontraesankorrak, non dena sartzen den: maitasuna, Jainkoaren haserrea, merkatarienganako mespretxua, santua den sumisioa, mehatxuak, barkamena…

Hor jarraitzen dute, baita ere, eliz-mutilek, tunikaz jantzitako santu eta martirien irudi sufrikariozkoek eta nonahiko Kristo gurutziltzatuak, gu salbatzera etorri zen Jainkoaren semeak -itxuraz arrakasta barik- eta horretarako arra eta zuria izatea aukeratu zuenak. Gainera, koitoaren tramite gogaikarria kendu zion emakume zuhur baten sabelean egin zuen. Hor daude, halaber, Jainkoari «betiko haserre ez egoteko» edo gugan egin zituen «mirariak» eskertzeko erregutzen dioten kantu etsigarriak. Hirurogeiko hamarkadan, errepertorioa berritzeko saiakera bat egon zen, Gospel doinuekin eta ye-ye kantuekin, baina ez zuen gehiegi iraun.

Ekitaldi horien ingurua, erritualak eta soinu-banda, duela hamarkada askokoen oso antzekoak dira, eta erraza egiten zait mundura «onak izateko» ekarri gintuen Jainkoagan babesten zen haur hura nire baitan berreskuratzea. Hitz magikoa «fedea» zen. Apaiz eta mojen erretolika erlijioso hari buruz egiten zenituen galdera guztiek erantzun bera zuten: sinetsi egin behar duzu, fedea izateko zortea baituzu. Kito. Hileta erritual hauetan ere ohikoa da entzutea gaur fedea dugunok ez gaudela triste, badakigulako hildakoa orain «betiereko bizitzaz gozatzen ari dela». Horrek kontraste deigarria egiten du gertukoen negar atsekabetuekin, baina tira.

Ez, ez nuke esango, zorionez, egokitu zitzaidan nazional-katolizismo gaindosiaren ondorioz iritsi zitzaidan guztia kaltegarria izan zenik. Nire eskola-bizitzan izan ziren, besteak beste, apaiz eta moja adimentsu eta eskuzabalak, Biblia modu atseginean kontatzen ahalegindu zirenak, edo geroago Jesusen mezu sozialaz hitz egin zigutenak, edo, abortuaren edo dibortzioaren inguruko eztabaidak sustatu zituztenak. Baina bai. Arreta handiagoz begiratuz, gauza batzuk aldatu egin dira oraingo mezetan. Azken bietan, jatorri afrikarreko apaizak izan dira. Badirudi lan hori gehitu egiten zaiola migratzaileen esku uzten ditugun lanbideen zerrendari. Covid dela eta, «bakearen esku» gogaikarria ere desagertu egin da. Orain, jarlekuko bizilagunei begiratu behar zaie, eskua bularrean jarrita, betiko fideltasuna zin egingo bazenie bezala.

 Kasualitatez Lev Tolstoiren hitz hauekin topo egin dut berriki: «Pertsona baten bizitzari begira, ezinezkoa da fededuna den ala ez jakitea. Ortodoxia aldarrikatzen dutenen eta ez dutenen artean desberdintasunik baldin badago, ez da lehenengoen mesederako. Erlijio-ortodoxia sarritan pertsona ergel, krudel eta moralgabeen artean aurkitzen da; adimena, zintzotasuna eta zuzentasun morala fedegabetzat hartzen diren gizonen artean aurkitzen dira maiz». Amen.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina