prostituzioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
prostituzioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021(e)ko irailaren 20(a), astelehena

PUTAZALEAK


 

Zuen baimenarekin, gaur, putazaleez hitz egingo dut. Urteetan prostituzioan sarturik egon den Amelia Tiganus errumaniarrak, putazale mota ezberdinak sailkatzen dizkigu. Aldez aurretik esan, buruan eraman ohi dugun profilak ez duela errealitatearekin zerikusi handirik. Inguruko edozein gizon izan daiteke bat. Adin, gizarte-klase edo lanbide askotakoak dira. Politikarien, epaileen, kazetarien, sindikalisten, enpresarien, kirolarien artean aurki ditzakegu.                                     

Batzuk “atseginak” direlakoan daude, beren gauzez hitz egiten dute putarekin, emakume hauen bizitzaz interesatzen dira, itxuraz. Putaner "jator" bezala ikusten dute beren burua, nahiz eta emagaldua, bezero bakar batekin hainbeste denbora kontsumitzeaz nazkatuta, pazientzia galtzen hasten den. Orduan, putazale “majoa” automatikoki putazale mindu bihurtzen da eta ustezko "heziera onarekin” jokatzeari uzten dio.                                        Badaude beste batzuk, noski, zeremonia handirik gabe ordaintzen eta larrua jotzen dutenak. Azken hauek, normalean, pornografian ikusitakoa kopiatzen saiatzen dira.     Sadikoak eta misoginoak ere hor daude, sufrimendua eta umiliazioa plazeraren iturburu bakar dutenak. Pentsa daitekeen baino askoz zailagoa da horrelakoak direla aldez aurretik asmatzea.                                                                                                           

Kasu batzuetan, tipo dirudun bat da putazalea, izan ere horrek ez du bere burua putazaletzat hartzen, berak"Scort"-ak edo “luxuzko putak”ordain ditzake eta. Batzuetan negozio-gizonen arteko tratu batzuk "puta-parranda" on batekin ixten dira. Beste batzuetan, “ezkondu aurreko” jai horietako batean putetxea sartzen da menuan, edo prostitutaren baten zerbitzuak kontratatzea.                                                                                                                                                Putetxe batzuetan mutil gazteentzako jai-tematikoak antolatzen dira, eta jai egitarauan aukeratutako neskarekin txortaldi baten zozketa sartzen da. Azken joera "narkoprostibuluak" dira, non droga mugarik gabe sartzen den putazaleei egindako eskaintzan. Putazale gehienentzat putetxea oasia da. Erdibiluzik eta beren esanetara dauden emakumeez beteta.                                                                     

Gaur egun, klase sozial guztietako gizonek eskura dituzte, oso merke, esklabo errumaniarrak, paraguaiarrak, dominikarrak, brasildarrak, nigeriarrak...            

Informazio hau guztia "Amelia, Historia de una Lucha" eleberritik atera dut, Alicia Palmer, Roberto García eta Amelia Tiganus aktibistek sinatutakotik. Amelia, prostituzioaren abolizionista sutsua, urteetan emakumeen   salerosketaren biktima izan da. Gaur egun Gipuzkoako herrixka batean bizi da eta biziki lan egiten du prostituzioa indargabetzearen alde. Literaturak, zinemak eta abestiek idealizatu egin dute sarritan putetxeen mundua.  

Putak eta bezeroak "bohemia" eta "bizimodu txarra" ren munduan kokatzen dira, edo "Pretty Woman" bezalako maitagarrien ipuineko protagonistak dira. Espainia da sexu-eskaera handiena duen Europako herrialdea. Mundu mailan hirugarren postuan dago. Nazio Batuen Erakundearen arabera, Espainiako gizonen % 39k ordaindu du noizbait sexuaren truke. Estatu hau, munduko emakumeen salerosketaren puntu nagusietako bat da. 

Datu ofizialen arabera, munduko salerosketaren % 80 sexu-esplotaziorako egiten da, eta ehuneko horretatik, emakume eta neskak biktimen % 90 baino gehiago dira. Tiganusen hitzetan: "Proxenetismoa eta prostituzioaren kontsumoa helburu duen legedia behar da, baita ihes egin nahi duten emakumeei laguntzeko politikak ere”.


 

 

 

 

 

2014(e)ko urriaren 19(a), igandea

EMAGALDUAK ETA DISPUTAK




Prostituzioaren Kontrako mobilizazioak, norberaren etxeko ateetan kokatzen denean  nabari dira
Egunotan jakin izan dugunez, legez kanpoko beste ekimenekin batera, geure Diputazioen urteko kontuak koadratzeko lagungarri preziatua da prostituzioa. Ezkerreko eta eskuineko alderdiek ekimen honen inguruan jarrera ezberdinak defendatzen omen dituzte, baina, egia esan, aldaketa izpirik ez da sumatu, bata ala bestea boterean egonik. Izan ere ezkerreko indarren artean antzinako desadostasuna izan da gai honen aurrean: arautzearen eta debekatzearen aldekoak.                                                 
Gizartean, oro har, ez dirudi arazo larritzat hartzen denik. Kontrako mobilizazioak emagalduak norberaren etxeko ateetan kokatzen direnean soilik nabari dira. Gero hor daude betiko lelo horiek: “munduko lanbiderik zaharrena” (auskalo nori bururatuko zitzaion halako harribitxia) edo “gustuagatik” eta “behartuta” egiten dutenen arteko aldeak ezberdintzen dituztenen solasa. Bitartean txosten ofizialen arabera ezkutuko errealitate honek urtean 62.000 milioi euro baino gehiago mugitzen ditu munduan eta jarduera honetan dabiltzan gehienek lan hau utziko lukete beste lanbide bat, duina, topatzekotan. Ogibidez aldatu nahi dutenentzat bitartekoak falta dira, eta egoera alegala izateak ez du laguntzen inondik ere, are gutxiago etorkinen kasuan. Bidenabar, Euskal Herriko sexu langileen % 90 kanpotarra da.                            
Joan den astean Euskadiko sei elkartek “Gu Gaitun” izeneko federazioa sortu dute. Helburua: prostituten eskubideen alde lan egitea eta jasaten duten bazterkeria eta estigmaren aurka aritzea. Euren aurkezpenean bertoko prostituzioaren inguruko zenbait ezaugarri esanguratsu azaldu zuten, besteak beste prostituta gehienak biztanle-errolda eta osasun zerbitzuekin arazoak dituztela edota kalean gero eta gutxiago jarduten dutela.
Irtenbide berriak bilatzen saiatu direnen artean guztiz adierazgarria dugu Suedian indarrean dagoen legea. Herrialde honek prostituzioa debekatzearen eta bezeroak zein proxenetak zigortzearen aldeko apustua egin du. Lege honek ez du inondik inora prostituzioa ogibidetzat onartzen, emakumearen kontrako indarkeriatzat baizik. Auzi horretan, prostitutak biktimatzat hartzen dira eta horregatik, euren zerbitzuak erosten dituzten gizonezkoak bakarrik zigortzen dituzte. Gehienez ere, sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri ahal die epaileak.
Arazoa guztiz desagerrarazi ez badute ere, herritarren ehuneko laurogei legearen alde dago, inkesten arabera, eta emakumeekin trafikatzen dutenentzat herrialde ezeroso bihurtu da Suedia.   
Ikusitakoak ikusita Norvegian ere antzeko legea pairatzeko bidean daude.
Frantzian ere iaz ildo bereko proposamen bat onartu zuten parlamentuan, baina kasu honetan prostitutak  “amuarena egiteagatik” ere zigortzen ditu legeak. Poliziaren interpretazioaren arabera gelditzen da.
Jakiteke geratzen da oinarrizko galdera: arazoari taxuzko irtenbidea emateko zorian gaude ala arazoa lekuz aldatzeko besterik ez du balioko?
Ipar Euskal Herriko egoera aski adierazgarria da. Bezeroek aski dute muga pasatzea zigorra saihesteko. Frantziako legeak emagalduak atera egin ditu Ipar Euskal Herriko kaleetatik, baina etxeetan ari dira orain eta kasurik gehienetan bezeroak gurera datoz halako “zerbitzuen” bila.
ROBERTO MOSO