Harrigarria, aparta, txapela kentzeko modukoa, atzo BEC
Berrian ikusteko parada izan genuena. Angus Young bere sasoirik onenean saltoka
eta korrika joan den mendeko laurogeiko hamarkadan ere ikusten ez zen moduan
eta Bon Scott berriro eszenatokian nagusi, berak bakarrik dakien moduan.
Lehenengo AC/DC taldearen kantu arrakastatsu guztiak bata bestearen ondotik eta
kalitate maila bikainaz dastatzea ez da egunero bizitzen den esperientzia. Egia
esan, ez dut uste horren ekitaldi biribila posible zitekeenik bizirik
zeudenean.
Bestalde, azken txanparako prestatu zutena guztiz
orijinala izan zen: “Highway To Hell”en emankizun ederra eskaini ostean, Bonek,
oso atsegina gau osoan zehar, bere ordezkoa aurkeztu zigun guztion
zoramenerako. Han bilduta geundenok taldean izandako bi abeslariak nola
besarkatzen ziren ikusi genuen “Back In Black” abestiaren “riffak” entzuten
ziren bitartean. Brian Johnsonen ekitaldia ere, nola ez, ezin bikainagoa suertatu zen.
“Hologram Maters”en produkzioak itxaropen guztiak
gainditu zituen, eta, egia esan, irrikan gaude datozen hilabeteetarako iragarri
diren kontzertuak dastatzeko: Jin Morrison eta Doors taldea haien Miamiko emanaldi mitikoan; Rolling Stones Altamond-en; Sex Pixtols New Yorken emandako
azken emanaldian eta Santana Taldea haien 1969ko Woodstock jaialdian.
Musikarien Elkarteko kritikek eta boikota egiteko deiak
ez dute nahi beste erantzun jaso. “Hologram Masters, gure eskubideen kontra” izeneko
agirian, “egiazko” musikariek, “lehia desleialtzat” hartzen dituzte emankizun
hauek. “Sormena eta zuzeneko musikaren etorkizuna, erabat mehatxaturik dago
pantomima hauen erruz”, salatu dute, “lotsagarria da oso, aspaldian
desagerturik dauden talde eta artistak teknologiaren bidez berpiztea haien
iritzia zein izango zen jakin gabe”, gehitu dute. Elkarte honetako kideentzat
honelako eskaintzek ez dute batere laguntzen gazteengan musikarekiko maitasuna
sortzen, eta lortzen duten bakarra aspaldiko mitoen itzala infinituraino
luzatzea da”.
Ez dut nik esango arrazoi faltan daudenik, baina
bestalde, ikuskizun hauei esker, herri musikaren izen ahaztezinen zuzenekoak
gozatzeko aukera dugu. Ni, esate baterako, txikitan, benetako Bob Dylan
ikustera eraman ninduten, eta egia esan, oholtza gainean nekez aritzen zen musikari
zaharkitu horrek ez zidan inongo zaletasunik sortu. Garai hartan “tributu
taldeak” modako jarri ziren, egiazko musikariek osaturik eta azken finean, gaur
egun, teknologiak artista hauen guztien garai oneneko emankizunak
berreskuratzen dizkigute, haien itxurak eta gaitasunak bizirik bailiran
eszenaratuz. Gizakion historia teknologiarena da eta beti izan dira batzuk
etsaitzat hartu dutenak, euren interesen kontra omen zihoalako. Hori bai,
bizirik dirauten musikarien erreplikak egiteari errespetu falta galanta
deritzot, nahiz, denok dakigun bezala, batzuek inolako problemarik gabe onartu
duten, holo-ekitaldiekin egile eskubideengatik irabazi ederrak lortzen dituzte
eta.
Zeinek esango zigun Beatles taldea oholtza gainean
berriro ikusiko genuela, haien hasiera zoroetan aritzen ziren legez. Ados,
talde eta artista hauek ez dute ezer berririk egiteko ahalmenik -momentuz
behintzat- baina zer esan, datorren astean Eskorbuto, RIP eta Cicatriz
Gasteizen arituko dira euren garaian eskainitako zuzenekorik basatienak antzezten.
Eta nik ez dut huts egingo!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina