2017(e)ko apirilaren 5(a), asteazkena

HEROINA EZTABAIDAN


Tamalez, gaur egungo kazetaritzan gutxitan ikusten da, baina aurrez aurreko tirabirak oso gustuko izan ditut betidanik. Ez, ez naiz ohiko tertuliatan izaten diren oilategiez mintzatzen ari, aspaldian hedabideetan sarritan disfrutatzen genituenez baizik.
Gogoan ditut, esate baterako, bere garaian Savater-ek eta Sádaba-k izan zutena edo Marcelino Camacho versus Nicolas Redondo edota Emilio Romerok eta Eduardo Haro Ibarsek, frankismo osteko telebista publikoan eskaini zuten polemika.
Bernardo Atxagak eta Jon Juaristik ere, oso buruz buruka interesgarria izan zuten, orain dela zenbait urteko “la Risa de Bilbao” ekimenean.
Horrelakoetan, bi iritzi ezberdineko pertsonaiek bakoitzaren argudioak defendatzeko aukera dute inolako sarerik gabe. Asko jota ere, bitartekari bat egon daiteke, eztabaidaren gaiak ordenatzeko eta denbora zuzentasunez banatzeko.
Gure irrati publikoan ere, horietako bat izan dugu berriki. Juan Carlos Usó eta Justo Arriola ikerlariek liburu bana argitaratu dute gai berberaren inguruan. Baina gaia berdina izanik, bakoitzaren tesiak zeharo ezberdinak dira.
Norgehiagoka sarean hasi zen. Usó kataluniarraren ustez, Estatua heroinaren zabalkuntzaren atzetik zegoela dioen teoria ez dago frogatzerik. Arriola, ordea, euskal gazteak asaldatzeko zuten joera suntsitzeko plan bat zegoelakoan dago.
Bion ikerketak bi liburutan gauzatu dira: “¿Nos matan con heroina?” Uso kataluniarrarena eta “A los pies del caballo” Elgoibarko Arriolarena.
Beste eztabaidetan ez bezala, honetan ez zen erraza horietako bati bakarrik arrazoia ematea. Arriolak egundoko lana egin du lekukotzak bilduz. Argi dago -eta Usok ez du ukatzen- zenbait kuarteletan heroinarekin trafikatu egin zela, eta, ez dira gutxi intentzio politikoarekin egin zenaren testigantzak. Baina bestalde, argi dago -eta hau da, gehienbat, Juan Carlosek azpimarratzen duena- eskaintzarekin batera izugarrizko eskaera ere bazegoela eta bigarren faktore hau ezinbestekoa izango litzatekeela laurogeiko hamarkadan gertatu zenari azalpen zehatza bilatzerakoan.
Edonola ere, eztabaida oso era lasaian eta eraikitzailean garatu zen eta berriro ere halakoak zein interesgarriak eta beharrezkoak diren frogatu zuten biek.
Debateari bukaera emateko, Xabier Garcia Rasdem gidariak ondorioak ateratzeko gonbitea egin zien eta honako hauek izan ziren:
Justo Arriola: Ondorioztatu daiteke zenbait poliziek eta guardia zibilek heroina trafikatu zutela Euskal Herrian eta ez zen ikerketak egiteko borondaterik izan, adibidez “Navajas txostena”, guardia zibilak saboteatua izan zen, turkiar trafikari damutuari uko egin zioten eta Arrasateko afera hutsean geratu zen.  Nolatan lor daiteke orduan frogarik?
Juan Carlos Usó: “Heroinaren zabalkuntza  estatuari leporatzea defendaezina da, hori eskaintzan bakarrik oinarritzea baita. Hau ez da zerbait berria. Prentsan agertu zen drogaren kontrako aurreneko kanpaina Espainian, lehenengo mundu gerra garaian gertatu zen. Garai hartako artikuluen titulua hau izan zen: ‘Gizartearen pozoitzaileak’ eta orduan errudunak farmazeutikoak omen ziren, kontsumitzaileak baionetaz eramanda joan balira bezala... eta ez zen horrela”.
Bi jarrera, bi liburu eta datu asko. Eta entzule bakoitzak bere ondorioak atera ditzala. Zergatik bihurtu da horren zaila honelakoak maizago antolatzea? Nik behintzat, eskertuko nuke.     

2 iruzkin:

  1. Usorena ez dut irakurri, baina Arriolarena bai. Hasieran esaten digu nola interneteko eztabaida batetik ekarri zuen bere liburua azkenean. Interneteko eztabaidako orria (La web sense nom, izenik gabeko weba) oraindik irakurri daiteke: http://lwsn.net/article/nos-matan-con-heroina-juan-carlos-uso

    ErantzunEzabatu
  2. Eskerrik Asko. Egia esan bi aldeetan argudio onak ikusi ditut. Ez da erraza bati bakarrik arrazoia eman...

    ErantzunEzabatu