Athetic Taldea Dario Urzayen kamisetarekin |
“Iritziak ipurdiak bezalakoak dira...denok daukagu bat”.
Clint Eastwoodek "The Rookie" pelikularen une batean esana, hamaika aldiz
errepikatzen da edozein bazkalosteko koinatuen arteko kalakan. Baina iritzi
guztiek balio berbera al dute? Hortxe
dago koska.
Esparru batzuetan badirudi nahiko argi dagoela:
Zientzialari baten iritzia eta nirea ez daude maila berean zientziaz hitz egiteko
orduan, eta, haren konklusioak beste zientzialari batenekin bakarrik egiazta
daitezke. Kito. Beste kontu bat da bakoitzaren gustuez mintzo baldin bagara.
Hiru Michelin-izarreko sukaldari batek ba al du inolako
autoritaterik norbaiti brokolia gustatu behar zaiola sinestarazteko? Maila
berekoak al dira arteari buruzko nire iritziak edo artista batenak? Zeinek erabaki
artista bat nor den eta nor ez den? Hartu ahal da erabaki demokratiko bat
artelan baten inguruan?
Denok gogoratzen dugu Zornotzan izandako eztabaida
Nagelen “patata” ospetsuaren inguruan. Adituen talde batek errotonda baterako
proiektu irabazletzat hartu zuena ez zitzaion jende pilo bati batere gustatzen.
Udaletxeak aldatu nahi bazuen ere, epaileak argi eta garbi utzi zuen aldaketa
horrek ordain bat ekarri beharko zuela. Eta hor geratu da, askoren ustearen
kontra eta aditu batzuen aldeko iritziarekin. Batzuk “edertasuna” ikusten
dutenean beste batzuk zatarkeria besterik ez dute sumatzen.
Beste batzuetan ez da inongo epailerik behar izan
gehiengoaren gustua –edo- inposatzeko. 2004. urtean Athleticen zuzendaritzak
ospe handiko artista bati eman zion bigarren elastikoaren diseinua egiteko
ardura. Dario Urzayren proposamenak zaletu askoren errefusa eragin zuen, haren
kontrako manifestazio bat antolatzeraino. Partidu bakar batean erabili zen,
Lamikiz presidenteak, bere lehenengo erabakian, baztertu baino lehenago.
Artistak, haserre bizian, Athletici erabiltze-eskubideak ukatu zizkion. Gaur egun,
E-bay enkante-orrian “Ketchupeko” kamiseta lortu nahi izanez gero 500 euroren truke daukazu eskuragai. Egun, Athleticen bigarren ekipamendu berde hori,
kontrako kritika ugari jasotzen ari da askoren aldetik, baina kasu honetan ez
dut uste haren balioa horrenbeste handituko denik.
Batzuetan, aro batean edertzat hartzen dena itsusi
ikusten da beste batean. Gure aspaldiko argazkiak ikusi besterik ez dugu:
“Aaaag, baina zer orrazkera hortera neraman”, “Begiratu sorbaldako negargarri
horiek!”. Zalantzan ez jarri, orain
daramagun itxura, nahiz oso modakotzat hartu, hemendik urte batzuetara ez zaigu
horren “cool” irudituko. Normalean oso oso boladan dagoenak zaharkitzerik okerrena
izaten du.
Hollywoodeko 1940eko hamarkadako aktore elegante horien
argazkiak arretaz begiratzen baditugu, Clark Gablek, Gary Cooperrek edo Humprey
Bogartek askotan galtzerdi zuriak eramaten zituzten (!). Egun ez lukete inongo
diskotekatan sartu ahal izango.
Lankide talde batekin Malagan nengoelarik Picassoren
museoa ikustera eraman gintuzten. Museoko arduradunek atsegina bezain aditua
zen andereño bat jarri ziguten gidari moduan. Gutxitan entzun ditut horren
azalpen sakonak eta horrenbesteko maitasunez emanak. Guztiok irten ginen
bertatik Picassoren lana pixka bat gehiago ulertuta, pixka bat gehiago baloratuz,
baina hor geunden gizonezko guztion -eta zenbait emakumezkoren- iritziz, han
ikusitako arte-ederrik handiena... gidaria izan zen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina