
Baina ez zen alferrikako begirada bat izan. Segundo baten gauza bazen ere, askotan datorkit berriro, esanguratsua beti. Nire aita, aldeak alde, benetan maite nuen. «Zaindu maite duzun hori» leloaren haritik, logikoena lagunak bertan bera utzi eta aitarekin joatea izango zen...
Baina bizitzak ez du horrela funtzionatzen. Hamalau-hamabost urte nituelarik maiz elkartzen ginen aita eta biok etxeko balkoian. Kirolak, iraganeko oroipenak edota politika ziren, gehienbat, mintzagai.
Horrelakoetan ni boltxebike sutsu bihurtzen nintzen, lehoiek egiten duten legez, nire lurraldea markatzeko. Baina berak, gerra madarikatu baten ondorioz ikaraturik bizitzea egokitu zitzaionak, haurtzaroan eta geroago gosez eta beharrez gaztetasuna bizi behar izan zuenak, behin eta berriz fanatismo arriskutsuaren aurrean adi ibiltzeko ohartarazten zidan. Gerraoste gogor hori hogeita hamar urte lehenago gertatu zen. Garai hartan oso tarte luzea iruditzen zitzaidan, gaur egun aldiz, ikaragarri laburra.
Baina egun batean, auskalo zergatik, kalakak amaitu ziren.
Une hartan, ezustea eta harridura pixka bat sumatu nuen bere begiradan. Urteak pasa ahala, behin eta berriz aztertu dut nire baitarako, eta egun, honelako zerbait esaten dit: «Txoriburu galanta bihurtzen ari zarelakoan nago, maite, eta hori aldatzeko, ezer gutxi egin dezaket. Dibertitzeko adinean zaude. Ulertzekoa da. Gainera, zorionez, niri ez bezala, oso garai askeak egokitu zaizkizu gaztetasunaz gozatzeko. Baina mesedez, burua erabili. Ez galdu zure nortasuna jendetza artean, ez egin ezer, ez zaren oilar hori antzezteko, eta ez galdu inoiz zure bizitzaren lema. Horrez gain, jakina, badakizu non nagoen».
Gaur nire alaba eta koadrila ikusi ditut metroko bidean, ez-dakit-nongo jaietara zihoazen. Pozik eta kantuka ari ziren, supermerkatuan erositako poltsa batzuekin. Gure begiradak gurutzatu dira. Horren ondoren, nirea lainotu egin da nonbait.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina