Miriam Makeba bere azken ekitaldian |
Oso denbora laburrean, bideoa begiz begi ibili da. Bruce
Hampton oholtza gainean zerraldo eroria, haren bandak “Turn On Your Lovelight”
abestiarekin jarraitzen duen bitartean. Heriotzaren ezinbesteko bakartasuna,
irudi harrigarri bakar batean. Bere hirurogeita hamargarren urtebetetze eguna
zen eta bandako gainerakoek, geroago esan dutenaren arabera, txantxetan
zelakoan zeuden.
Ez dugu urrutira joan behar horrelako zerbait gurean
gogoratzeko. 1976ko azaroan betiko utzi gintuen Xalbadorrek, askorentzat izan
dugun bertsolaririk finenak. Oholtza gainean zegoen Urepelen, bere omenezko
ekitaldi batean hain zuzen, gaizki sentitzen hasi zenean. Inori ezer esan gabe,
poliki-poliki jendetzatik aldendu zen bakean zentzeko. Bere bihotzak ezin zituen
egun hartako zirrarak jasan.
RIP taldeko gitarra-jotzailea,
Jul Bolinaga, 2016ko azaroan hil zen Bergaran “The Potes” taldearekin
“Condenado” abestia jotzen zuen bitartean. Bere anaia Txerra, RIP taldean bizirik
dirauen kide bakar utzi zuen.
Hilabete berean, baina 2008an betiko utzi gintuen, baita
ere, Hegoafrikako Miriam Makeba abeslariak. Mitikarako osagai asko daude
honetan ere. Makeba apartheid kontrako borrokaren ikurra zen eta Napoliar
Kamorraren feudo batean zegoen bere bizitzaren azken egunean, mafiaren kontrako
kontzertu batetan. Orduko kronikek kontatzen digutenez, Pata-Pata izan zen bere
azken kantua eta oholtzatik aldageletarako bidean jausi zen, han pilatuta
zeuden kutxen artean, sekula berriro ez altxatzeko. Hirurogeita hamasei urte
zeuzkan berak.
Joaquin Briolini, rockero
argentinarra ere 2014ko azaroan hil zen hogeita bi urte besterik ez zuela.
Kasu honetan bere mikrofonoaren kableatze okerrean datza zergatia.
Beste batzuetan artistak erail egin dituzte ekitaldian
bertan. Dimebag Barrell-ek, Pantera taldeko gitarristak, bizia galdu zuen
gizabanako bat Ohioko gau-klub batean tiroka sartu zenean, 2004ko abenduan.
Bildutakoen artean beste hiru biktima izan ziren, poliziak bera akabatu baino
lehen. Hiltzailearen lagun batek esan zuenez, hiltzailea erabat obsesionaturik
zegoen taldearekin.
Papa Wenba artista kongotarrak ere oholtza gainean
aurkitu zuen bukaera. Afrikako herrialde askotan ospe handiko artista zena burmuineko
malariak jota zegoen. Hala ere, ekitaldiak eskaintzen jarraitzea erabaki zuen, ondorioa
zein izan zitekeen soberan jakin arren. Hirurogei urte izanik Boli Kostako Abiyán
hirian jotzen zegoelarik betiko isildu zen.
Youtuben, Hamptonen heriotza bilatzean, grabaturik gertatu
diren beste eszena ikaragarri batzuk aurki daitezke. Sakelako batek betikotu
zuen MC Dalesteren brasiliar raperoaren hilketa, tiro baten ondorioz. Zur eta
lur geratzeko modukoa, hogeita bat urteko gazte baten bizia bat-batean akabatzea
zein erraza izan daitekeen ikustea.
Are sinestezinagoa Irma Bule, Indonesiako abeslariaren
amaiera. Irmak sugeak ateratzeko ohitura zeukan, ikuskizunak zirraragarriagoak
bihurtzeko asmoz. Hogeita bederatzi urte zeuzkala, kobra baten hozkadaren
ondorioz hil zen, berrogei minutuko agonia sufritu ondoren.
Azkenera arte ekinean ibiliak. Lorian egonik
desagertuak. Alde ona bilatzearren,
gustuko zuten zerbait egiten, jaso zuten denek, dama zuriaren bisita, eta
gehienetan, ez zen bideratze luzea izan.
Badakigu: Ikuskizunak, aurrera jo beti.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina