2013(e)ko otsailakren 27(a), asteazkena

1973: TXIMINOEN IHESA (SANTURTZI)



Hamahiru urte nituen eta, besteak beste, hura bezalako astelehenak gorrotatzen ikasten ari nintzen. Instituturako bidean, Carlosek, nere klaseko sasijakintsuak, gertaera bitxi horren berri eman zidan: tximino talde batek, gure herriko kaian atrakatua zegoen itsasontzi batetik hanka egin omen zuela. Hori aurreko igandean gertatu berria izanik, zehaztasun larregi ez zegoen hurrengo goiz hartan. Irudimenaren burbuila handitzeko, gure “Ciencias Naturales”eko irakasleak, Mendibil jaunak, tximinoen portaerari buruzko premiazko ikastaro bat eman zigun. “Ez dut uste horren larria izango denik, baina badaezpada ere…”
Oraindino inork ez zekien gauza handirik, baina Makuto Irratia laster hasi zen ahoz aho. Itxuraz, Serantes mendian ere ikusi zituzten. Baserritar bati eraso egin ei zioten eta horrek esandakoaren arabera, oso pizti arriskutsua zen, goseak amorratzen zegoelako hain zuzen. Legendarik ausartenak Bilboraino heldu zirela ziurtatzen zuen.
Astearterako, gure herriko kaian izandako gertaera bitxi hori egunkari guztietan zetorren.
Dendetan, trenetan, patioetan… Luis Olmoren eguneroko txiste grafikoan lantegi baten sarrerako ilara ikusten zen, fitxatzeko makinaren gainean, kartel batean hau irakur zitekeen: “Santurtziko tximinoez hitz-egitea debekatuta”. Ordurako berriak argiagoak ziren. Deskarga lanetan ari zirela, guztira hogei tximinok lortu omen zuen kaiolatik irtetea. Holandatik zetozen eta Madrilgo “Safari-park” berria zen euren helmuga. Makakoak garabietatik eta portuko instalazioetan sakabanatuta zeuden eta oraindik,  arduradunek zer egin erabaki behar zuten. Piperra ezinbestekoa bihurtu zen. Gure klaseko ohiko koadrila olatu-hormaraino hurbildu ginen. Susmatzen genuenez guztiz debekatuta zegoen kaiaraino hurreratzea eta gure desengainurako, gure talaiatik, egun lainotsu hartan, ez zen fitsik ere ikusten. Itzulbidea hartuta ostera, zenbait eztanda entzun ziren. Asteazkenean hauen berri izan genuen: Britainia Handitik ekarritako bi frankotiratzaileek tximino harrapaezinak akabatu zituzten: zortzi guztira. Beste hamaika harrapatu zituzten bizirik goizaldean eta batek bakarrik zirauen libre. Ez ziren ausartzen horren aurka tiro egiten, erregai-tanga baten gainean zegoen-eta. Ziur aski horrek salbatu zion bizia. Azken honetarako bakarrik erabili baitzuten bala anestesikoa.
Duela gutxi horretaz gogoratu naiz, “El origen del Planeta de los Simios” filma ikusten nengoela,  tximino talde bat mundu osoa menperatzera zihoala.
Ramiro Pinillaren “Verdes Valles, Colinas Rojas” liburuaren atal batean, Perutik ekarritako llama batzuek ihes egiten dute beren kaiolatik, itsasontzitik deskargatzen ari direla eta behin mendira ezkero, bertako astoekin lortzen dute binakatzea espezie berri bat sorraraziz.
Ia berrogei urte pasatu dira maiatzaren astelehen hartatik, askatasuna zein oinarrizkoa, arriskutsua, ezinbestekoa den ikasi genuen egun hartatik.                            

ROBERTO MOSO

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat