2013(e)ko otsailakren 27(a), asteazkena

ADREILU HUTSAK




Kokatzera goaz, 2007. urtearen inguruan. Hona hemen Jorge. Etxegintzaren negozioa dela medio, dirudunen zerrendan sartzeko bidean dago. Diruaren herrialdean bizitzea du amets. Haren  familian ezagutzen zuten goi mailan bizitzea zer zen, baina aspaldiko kontua da hori. Aitona aita baino aberatsagoa izan zen eta gure lagunari gaztaroan tokatu zaiona gainbehera huts-hutsa izan da. Hori bai, harrokeria eta handiustez betetako gainbehera.
Orain gutxi arte bere ama zaharrarekin bizi izan da Bilboko erdiguneko egundoko pisu batean. Etxebizitzak berak, egunez egun uzten zuen nabarmen ezinbesteko hondatzea. “Bai ama, gaur bertan etorriko dira tutuak konpontzera”. Garai bateko plantei eutsi nahi zien atsoak, eta Jorgek ez zion aurka egiten. Zertarako? Jakina da: ikusi nahi ez duen itsua baino okerragorik ez.
Jorgeren laguna Simon dugu. Hura bai izanduna. Negurin aspalditik finkatutako Chavarritarren semea da eta harentzat hori ez da aparteko zerbait, bere bizimodu naturala baizik. Aspaldiko lagunak diren arren, hauena ez da, ezta hurrik eman ere, berdinen arteko harremana. Izan ere Jorge enplegatua da Simonen familiako bulegoetan.
Ama hiltzerakoan  Jorgek zenbait ondasun hartu ditu oinordetzan eta Simonek bere bazkidea izatea proposatu dio. Hor hasiko du bere diruaren herriranzko ibilbidea.
“El País del Dinero” izenburuko eleberritik ateratako argudioa da hau. Hemendik aurrera datorrena guztiz adierazgarria da, baina jakina, ez dizuet azalduko, irakurtzea merezi du eta.
Beste behin ere, Pedro Ugartek ez du bere hiritik irten behar izan mezu unibertsalak marrazteko. Oraingo honetan gainera, Nerbioi ibaiaren ibarrak eta haien distantzia historikoa jokoan sartzen dira, amodiozko (edo) istorio batez baliatuz.
Baina hori horrela izanda, inork ez dezala pentsa ohiko topikoekin jorratutako argumentu baten aurrean gaudenik. Egilearen hitzetan: “Moralisten erretratuan enpresariak konspiratzaileak dira eta politikariak haien zerbitzurako txotxongiloak. Baina ez dago jaberik ez miraberik, handigura desberdinek neurrigabekeria bera dutenean. Askoz sinpleago da. Enpresariarentzat politikariekin maiz ibiltzea, kontratatzeko era bat besterik ez da. Negozioak boterearen hondartzetara leunki eramaten duen marea dago. Hor bertan interesak nahasten dira ibaiak itsasoan bezalatsu”.
Baina marea goraren ostean marea behera dator eta hor agertzen dira itsasgorak estaltzen zituen hondakinak. Horretan gabiltza. 
Hala ere, horrek ez du eragin handirik diruaren herrialdean. Hor txanponak eta billeteak nekez dira ikusgai. Zergak, borrokatu behar diren etsaiak dira eta profesionalen nazioarteko armada bat dago legezkotasunaren mugetan menderatzeko. Ingurukoak beti dituzu adi, lerdokeriarik handienak esaten dituzunean, eta, bai, ondasuna handitzeko aukerak biderkatu egiten dira.         




        

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat