2013(e)ko otsailaren 26(a), asteartea

NON GAUDE ORAIN?



Itzuli da, bai. Inauteri egun hauetan, kaleak mozorroz betetzean, “mundua saldu zuen gizona”, mozorro gehien erabili duen artista, egun batetik bestera agertu zaigu bere 66 urte bete berriak inolako estalkirik gabe erakutsiz.
Hamar urte joan dira bere azken lana, “Reality”, argitaratu zuenetik. 2004. urtean izandako bihotzekoaren ostean, bere erretiratze “isilaren” zurrumurruak areagotzen zihoazen, urteak pasa ahala.
Bitxia da gero, zer garrantzi handia izan lezaketen zenbait pertsonaiek gugan, elkarren arteko harreman esturik sekula izan gabe: Bowiek lagundu zidan, nerabezaroko udatan irailerako azterketak prestatu behar nituenean. “Rebel Rebel” eta “Queen Bitch” abestiek, besteak beste, bizitza honetan merezi duen gauzarik bazegoela erakusten zidaten.
Kantatzen zidan guztia ulertu barik, “Aladdin Sane” diskoak debekatuta zeuden plazer guztiez gozatzera gonbidatzen ninduen.
“¿Te gusta este maricón?” galdetu zidan behin, mesprezu osoz nire gimnasia irakasleak, besopean neraman elepea seinalatuz. Halako tipo nazkagarri batek Bowie horren arbuiagarritzat hartzeak, nolabait, bidea markatzen zidan. Neure logelan nuen posterreko argazkia egunero xeheki aztertzen nuen. Egia esan, ez nekien irudi hura zergatik nuen horren gustuko, baina bazeukan zerbait, inolako zerikusirik ez zuena aspertzearekin, igande arratsalde gris horiekin, arrunkeriarekin.  
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdian, Bowiek “Ziggy Stardust” pertsonaia betirako baztertu zuen eta haren “glam-rock” distiratsua zokoratu zuen beste bide sofistikatuago batzuk jorratzeko. Egia esan, inoiz ez nau hasierako garaietan beste hunkitu, baina beti izan da hor kantaren bat bere konposizio ahaztezinen zerrenda hamarkadetan zehar osatzeko: “Ashes To Ashes”, “Heroes”, “Under Pressure”, “Fame”, “Young Americans”…
David zegoen hor, Freddy Mercuryrekin batera transistoretik lagunduz, nire ospitaleko egunetan 1982. urtean, meniskoa apurtu zitzaidanean. Bere “Warszawa” izeneko konposaketa iluna “Yo, Cristina F.” pelikularen soinu bandan zegoen. Neska yonki gazte horrek Berlineko kaleak heroina bila miatzen zituen bitartean, neskalaguna eta biok elkar miatzen saiatzen ginen.
Bowiek Donostian jo zuen Miguel Angel Blanco hil zuten osteko egunetan.  Gertakizun traumatiko hark emanaldiko solasaldiak markatu zituen.
Duke Zuriaren argazki bitxi bat agertu zen egunkari guztietan iazko azken egunetan. Inolako glamourik gabeko irudi horretan oso Bowie arrunta agertzen zitzaigun, kirol-jertsea eta txapel urdina jantzita. Nolabait ere, bere bideoklip berriaren aurrerapena zen. “Where are we now?” (Non gaude orain?) izeneko kantu eder eta malenkoniatsuak maskararik gabeko Bowie dakarkigu berriro. Gordina, zuzena, esperantzarik gabekoa, zaharkitua.
Bizi garen garaiak. Omen.  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina