2013(e)ko otsailaren 26(a), asteartea

NADYAREN BEGIRADA


Nadezhda Tolokonnikova


Nadezhda Tolokonnikova du izena, Nadya Tolokno ezizenez ezaguna da bere herrialdean. Azaroaren 9an 23 urte bete zituen, hots Berlineko horma jausi zenean bi eguneko haurtxoa zen. Sobietar Batasuna, harentzat, etxeko kontuetan eta historia liburuetan agertzen den zerbait da. “The Guardian” egunkariaren arabera, Nadya da Pussy Riot taldearen buruzagia, gainerako partaideen norabidea aldatu zuena.
Bitxia da gero, bere aurpegia nolakoa den badakigu munduko aldizkaririk ospedunenen azaletan agertu delako, atxilotua izan zenetik. Ordura arte taldekide guztiak mozorrotuak agertzen ziren, kolorezko buru-berokiak jantzita, beren Putinen kontrako iragarri gabeko ekitaldietan.
Punk taldea sortu baino lehen, Nadyak ezagutzen zituen komisaria eta auzitegia, “Voina” izeneko kolektiboan zenbait ekintza politiko eta mediatiko  egiteagatik. Horietako batean Moskuko metroan emakume-poliziei musu emateagatik katigatu zuten.  Orain, bere taldekide Maria Alyokhinarekin batera bi urteko zigorra betetzen ari da “erlijio gorrotoak bultzatutako basakeriagatik”.
“Ez dugu zertan kezkatu - esaten zuen epaiketa hasi baino lehen- Putinen Polizia errepresiboak kartzelatzen bagaitu, beste bost, hamar, edo hamabost neskek kolorezko mozorroak jantziko dituzte boterearen kontrako borrokan jarraitzeko”.
“Punk” tankerako taldetzat jo dute eta haiek mugimendu horren eragina onartzen dute. Hala ere “punk” mugimenduan orain arte izandako eskandaluek bazuten nolabaiteko helburu komertziala. 1977an Sex Pistols taldeak erreginaren urrezko ezteien kontrako ekimenak antolatu zituenean bazegoen asmo politikoren bat, baina beren managerrak, Malcolm McLarenek onartzen zuenez, hasierako xedea taldea sustatzea zen, zirikatze kanpaina baten bidez.
Pistolsen kasuan, gurean Vulpess taldearekin gertatu zen bezala, eskandaluak ezusteko promozioa ekarri zien, baina, ostera, haien karreren bukaera eragin zuen.
Pussy Riotenak aldiz, zeharo nobedade bitxiak ekartzen dizkigu. Taldeak ez du diskorik saltzeko, ez abesti ezagunik. Munduan zehar ikus daitekeen “merchandising” guztia haien baimenik gabe mugitzen ari da eta dituzten lorpenak (horrela deitzerik badago) esparru politikoan leudeke: mundu mailako elkartasun mugimenduak, ospetsuen laguntza-deklarazioak, “Amnesty International”en babesa, kontzientzia presotzat hartuz… Elkarrizketetan kultura-maila aparta erakusten dute eta haien ausardiak, are gehiago emakumezkoak izanez, ez du parerik izan punk mugimenduan. 
Haien ekintzetan bandera gorria erakusten zuten, baina gero “Putin tirano hutsa da, Ipar Koreako presidentea bezala” esaten dute. Argi dago, baita ere, pentsaezina zatekeela honelako zerbait Sobietar garaian.
Nik behintzat, ez dakit noraino irits daitekeen horrelako zerbait, baina  Nadyaren begirada, munduan izan diren Kixote ameslari guztiena delakoan nago.

      
   
      

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina