Munduan
herrialde gutxik begiratu ahal diote beren iraganari Txilek egiten duen
harrotasunaz. Bere azken hamarkadetako kondaira, umeek ere ulertzen dute
bestelako azalpenik gabe. Hauteskunde demokratiko batzuetan Salvador Allende
izeneko gizon ezkertiarra aukeratu zuten 1973. urtean. Militar kolpistek,
Estatu Batuetako Inteligentzia zerbitzuen laguntzaz, gobernu demokratikoa
indarrez suntsitu egin zuten, “komunismoaren deabrua” saihesteko eta haren
ordez Augusto Pinochet diktadorea jarri zuten, bidean milaka hildakoen eta
desagertuen ilara lotsagarria utziz.
Hamabost
urte geroago, diktadoreak indartsu ikusten du bere burua. Ekonomiaren zenbakiak
bere alde ditu eta nazioarteko legitimitatearen ordua heldu zaiolakoan dago.
1988an Txilek ezagutu zuen Gobernu batek galtzen duen erreferendum bakarra,
demokraziaren bidea ezinbestean zabalduz.
Herrialde
honen ibilerak hain garbia eta ulergarria ematen du non txikiak ere ulertzeko
gai diren. Nire alaba, zazpi urterekin interesatu zen istorio honetaz, Garzon
epaileak haren estradizioa eskatu zuenean. Bere marrazkien bildumari burdinsarez
estalitako Pinochet bat gehitu zion. Protagonisten izenak ere, gaizkile eta
ongileen ipuin batetik ateratakoak ematen dute: Salvador-salbatzailea “Allende”
(urrutira) begira eta Pinotxo-Pinochet gezurtia... gainera erromatar enperadore
baten izen harroputz horrekin: “Augusto”. Apropos eginda ere ez lukete lortuko
hain zehatzak eta deskriptiboak izatea.
Mundu
osoak ulertzen du argi eta garbi hor gertatu dena eta Costa Gavras-en “Missing”
tankerako pelikulak lagungarri izan dira honetarako.
Pablo
Larrain-en “No” pelikulan, urtarrila honetan aurtengo oscarretara izendatua
izan den horretan, plebiszitu horren inguruko pasadizoak kontatzen zaizkigu. Ezinezko
helburu bezala agertzen zena (“Inork ez du egiten erreferendumik galtzeko”)
pixkanaka badoa eskura dagoen zerbait bilakatuz. Egunero aukera bakoitzak
hamabost minutu ditu telebistan hiritarren iritzia bereganatzeko. Hasieran dena
da nahiko aurreikusteko modukoa, baina laster, sormena, malezia, umorea eta
harritzeko gaitasuna bilakatzen dute kanpaina erronka bizi. Garai hartako benetako
iragarkiak, artxiboetatik berreskuraturik, filma honen gatza eta piperra dira,
barrea eta hunkidura gehien sorrarazten dutenak.
Herrialdeak,
gizakiak bezala, askoz lasaiago bizi dira atzera begiratzeko gai direnean.
Herrialdeen
artean, gizakien artean bezala, iraganarekin dugun harremanak, oraingoa
baldintzatzen du. Horregatik, behar izanez gero, historia eraldatu, makillatu,
moldatu egin daiteke, gure oraingo irudia haren ispiluan islatzeko modukoa
bihurtzeraino. Eta hori historiarekin egiten bada, zer esan fikzioaz: hor
agertzen zaizkigu inoiz existitu ez diren erresistentziak, asmatutako
justiziaren aldeko heroiak.
Herrialdeak,
gizakiak bezala, batzuetan gardenak agertzen zaizkigu, bestetan ulertezinak.
Zaila egiten zaigu Sirian edo Somalian gertatzen ari dena epaitzea, erraza eta
logikoa aldiz Txileren prozesua.
Herrialdeetan,
gizakietan bezala, gure buruarekin bakean egotea aurpegian ere igartzen zaigu.
Horregatik zinetik irtetean, neu
Txile bezain ederra izatea desiratzen nuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina