2013(e)ko azaroaren 18(a), astelehena

1977


Amnistiaren aldeko maifestazioa 1977 urtean
"1977an Guardia Zibilak gure osaba Sebas eta bere lagun bat hil zituen errepide kontrol batean. Atzera begira jarri gara, eta memoria ariketa egin dugu etxeko drama horrekin".

Honela aritu ziren Bide Ertzean talde tolosarrekoak, 1977 izeneko diskoaren aurkezpenean.

1977. Gezurra dirudien arren hogeita hamasei urte pasa dira. Laster, Francoren berrogei urte ospetsuekin parekatuko dira.

1977. Nire lehenengo musua, beste “lehenengo” askoren artean. Ikurrina legeztatu zuten urtea, istiluz beteriko kanpaina baten ostean. Iribar eta Kortabarria elkarrekin euskaldunen bandera ateratzen Atotxa futbol zelaian. Beste “Atocha” batean, Madrilgo izen bereko kalean, bost abokatu laboralista erailak, "Eskuin muturra (sortu gabe)" kideen esku.

Francoren diktadura osteko lehen hauteskunde demokratikoak. “Libertad sin ira/ guárdate tu miedo y tu ira/porque hay libertad sin ira/ y si no la hay, sin duda, la habrá”. Adolfo Suarezen “puedo prometer y prometo”, Unión de Centro Democrático garaile. Estatu Batuetan Jimmy Carter presidente.  Javier de Ibarra y Berge enpresaburuaren bahiketa eta hilketa. Frantzian azken gillotinaren erabilera.

Tenerifen, bi Boeing 747k talka egin ostean, 583 hildako, hondamenik handiena hegazkintzaren historian. Espainiako Alderdi Komunistaren legeztatzea, monarkia eta bandera hori-gorria onartuta.  

Garaiko telebistan nagusi: Kunta Kinte esklaboaren ibilera Raíces saioan, “Curro Jimenez” bidelapurraren abenturak  eta Marco txikiaren bidaia Apeninoetatik Andeetara bere amaren bila. Zinemagintzan Star Wars sagaren hasierako urtea izan zen hori. Betisek Errege Kopa irabazi zion Athletic-i , penaltietan erabakitako final zoro batean eta David Bowiek Heroes izeneko diskoa argitaratu zuen.

1977 “punk” sorreraren urtea ere izango da, Sex Pistols taldeak God Save The Queen kanta grabatu zuen Erreginaren zilarrezko ezteiak ospatzen ziren urtean egundoko eskandalua sorraraziz.

Urte horretan jaio zirenen artean: "Shakira", Dani Martín eta "Chris Martin", Cold Play taldeko kantaria. Zenduen artean:  Vladimir Nabokov, "Elvis Presley","Maria Callas", "Groucho Marx" .

Hau ere odolez zikindutako urtea gurean. Herriko hainbat lekutan amnistiaren aldeko manifestari erailak: Santurtzin, Hondarribian, Sestaon... Maiatzean antolatutako “amnistiaren aldeko astean” zazpi partaide hilda eta zauritu ugari. Urriaren 14an Amnistia legea onartu zen eta aspaldiko partez preso politikorik ez zen geratu estatu osoko inongo presondegitan. ETAk hamabi hilketa egin zituen 1977an, kopuru txikia hurrengo urteetan etorriko zenarekin alderatuz, hirurogeita lau 1978an, laurogeita lau 1979n eta laurogeita hiru 1980an. Su-etenaren eguna arte 782 guztira. 

Bide Ertzean taldeko kideen hitzetara itzuliz: “Jende asko hil du ETAk, hori argi dago. Baina hildako gehiago ere izan dira azken hamarkada hauetan,  segurtasun indarrek eragindakoak edota errepresioaren ondorioz bizia galdu zutenak ere badira. Eta horiek ez ditugu zerrendatuta inon ikusi. Garai bat bukatutzat eman eta beste bat hasteko, hildakoen arteko mailaketa saihestu beharko litzateke”.

Hildakoak gogoratu, mailakatu eta zenbatu egingo dira luzaroan, noski. Guztion gustuko kontaketarik izango ez delakoan nago eta 1977, susmoa dut, galdutako aukeraren urtea izango da historia liburuetan. Edo hala izan beharko luke.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina