garai estuak monarkiarentzat |
“Halabeharretik eskapurik ez” dio atsotitzak. Beste
Felipe bat gure historiaren protagonista izateko gai, nahiz eta oraindik zein
zeregin izango duen ezin jakin.
Aspalditik ikusi dugu hor. Txikitan couche paperezko
erreportajeetan, “bere adineko beste edozein umetxo bezala” bere adineko beste
inongo umeenak ez bezalako oporraldi eta ospakizunetan. Egun batetik bestera
“beste edozein ikasle bezala” eta “beste edozein soldadu bezala” erakusten
zitzaigun, nahiz jendetzaren aurreko haren agerpenak, txalo eta goraipamen
artean, beste gazte batentzat batere ohikoak ez izan.
Gizondu eta gero haren ahotsera ohitzen hasi ginen, haren
izena duten sariak banatzean edo “Pazko militarraren” eguneko hitzaldietan. Halakoetan, jakina, sekula ez
zuen esaten ezer, aurreikus ez zitekeenik. Aldez aurretik arduradunek kontu
handiz prestatutako diskurtsoetan, eta Borboien ahots jario aspergarrian,
demokrazia, aurrerapena eta elkarbizitzako aspaldiko egiak mantra modura
errepikatzen zituen. Nerabezaroko garai hartan kirolekin zerikusia zuten irudi
batzuetan bakarrik soma zitekeen nolabaiteko grina, baina inork ez zuen
gehiagorik espero. Hitz ponpoxoen atzetik, sobera jakina zen zein sendoa zen
benetan berreskuratutako monarkia, eta gehiengo zabal batek Otsailaren 23ko
bertsio ofiziala hartu zuen ontzat, galdera gehiegi egin barik. Erregearen gau
luze hartako legearen eta konstituzioaren aldeko agerpenak epe luzerako bermea
ekarri zuen instituzioaren egonkortasunerako.
Baina urteak pasa ahala errege-familiarekiko itxurak
gorde beharrak lasaitzen hasi ziren. 1990eko hamarkadan Feliperen arrebak
ezkondu ziren eta printzearen inguruko zurrumurru lizunak zabaldu ziren.
Arrakastarik gabeko bi amodio-kontu leporatu ondoren, zenbait behe mailako
tele-solasalditan esamesak hasi ziren: Zer zela-eta ez zuen Felipek emaztegai
egokirik lortzen? Baina azkenik Felipek kontakatilu guztien ahoak itxi egin
zituen eta bere Asturiasko Printzerrian aurkitu zuen Leticia; antza, bere
bihotzeko azukre koxkorra.
Zein aspaldikoa ematen duen horrek guztiak! Madarikazioa
izango bailitzan, milurteko berriarekin batera berri txarrak ugaldu ziren.
Arreba Elenaren dibortzioa, koinataren suizidioa, Cristina eta Iñakiri negozio
susmagarriak egitea egoztea, eta horien guztien gainetik, aitarekin lotura
dutenak: Afrikako ehizaldia, ezin ezkutatuzko harremanak, amaigabeko
ebakuntzak...
Orain dela gutxi arte eredutzat erakusten zena berri
lotsagarrien bilduma bilakatu da eta monarkiak berak sekula izan duen irudirik
txarrena du gaur egun.
Inoiz ez bezalako txistu eta oihuak jasotzen ari da
ordezkoa izateko deitua dagoen bikotea, eta, etorkizunari begira, guztiz
kezkaturik egoteko arrazoiak ez zaizkio falta Felipe Borboi eta Greziakoa
jaunari eta haren instituzioak ordezkatzen duenari.
Trantsizioan alderdi guztien artean eraiki zen
etxebizitzan itoginak ugaldu dira. Errepublikaren aldeko jarrerak ez dira jada
nostalgiko talde txiki batzuenak bakarrik; besteak beste, Urkullu lehendakariak
ere erakutsi du gogo hori berriki. Aldez edo moldez, erabaki demokratikoak
hartzeko garaia da. Horrenbeste urtetan zehar indarrean egon denari kiratsa
dario, eta, jakina da, hobera egin ez duen gaitzak okerrera egiteko ohitura
txarra daukala.
Roberto Moso
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina