2014(e)ko otsailaren 17(a), astelehena

ATZERA BEGIRA AMORRUZ





Ikerketa eta hausnarketa garaia omen da, azken hamarkada hauetan izan diren bertako musika-mugimenduentzat. Rock Around Spain izenburupean Kiko Mora eta Eduardo Viñuela doktoreek oso asmo handiko lana egin eta aurkeztu dute. “Orain arte argitaratu dena pasadizoetan oinarritu da gehien bat. Askotan liburu interesgarriak izan dira, dudarik gabe, baina bada garaia unibertsitatetik ikerketa sakonagoak  egiteko”. Hori zioen Kiko Mora-k, semiotika irakasle eta Leviatan taldean abeslari,  liburuaren Bilboko aurkezpenean.
Lan honen abiapuntua Alacanteko Unibertsitatean antolatutako jardunaldi batzuetan dago. Hor bildu ginen, orain dela urte pare bat, zenbait musikari eta kazetari, iraganean gai honen gainean zerbait idatzita geneukanak. Galizian, Katalunian, Andaluzian eta beste hainbat lekutan izan diren musika korronteak aztergai izan ziren eta liburu honen ardatza osatzen dute. Efe Eme aldizkaritik Juan Puchadesek sinatutako artikulu luze batean zenbait “harri” bota dituzte “Madrilgo Mugida” nola dagoen islatua salatuz. Bertan “negazionismo” eta “errebisionismo” hitzak, besteak beste, erabiltzen dira. Kikoren iritziz, “mugidaz aparte, aipatzeko moduko beste ekimen batzuk izan direla esate hutsa ia iraintzat hartzen dute batzuek”.
Ezkerreko alderdien barruan halako izendapenak salaketa modura erabili dira batik bat. “Errebisionista” izateak oinarrizko egiak kolokan jartzea esan nahi zuen eta beraz heretikoen taldean kokatzen zintuen, Inkisizioaren sugarretara kondenaturik. Baina denboraren poderioz halako militantzien dogman geratu zirenek ez zuten dogma baino laguntza gehiagorik lortu. Berrikustea oso ariketa sanoa izaten da eta hobe garaiz egitea beranduegi baino.
Ukaezina da, bestalde, berraztertze kutsua nabaria dela azken bolada honetan ugaldu diren honelako musika-argitalpen askotan. Miguel Ríosek oso berrikuste interesgarria eskaini digu bere Cosas que siempre quise contarte biografian. Orrialde horietan, hura kide zen “bekaineko” taldearen jarrera hipokritak salatzen ditu, besteak beste.
Patricia Godes kazetaria ere oso berrikuste kritikoa egiten ari da, zenbait argitalpenetan, berak horren hurbil bizi zuen “Madrilgo mugida”ren inguruan. Bere hitzetan “berekoia, elitista eta fakziokoa” bilakatu zen.
Bitxia benetan bestalde -nahiko tristea izango ez balitz- Eskorbuto taldearen kasua. Horrenbeste lore jasota, “etsai gehiegi” izatetik guztion lagun izatera pasatu dira; antza, askotan indarrean zeudenean jaramonik egiten ez zietenena ere bai, hain zuzen. “Lehen gure beldur zen jendeak, eman ez genion konfiantza hartu du” utzi zuten esanda, zenbaterainoko egia bihurtuko zen imajina ezinik.    
Hala eta guztiz ere, iragan hurbilean gertatu dena aztertzea eta interpretatzea, ariketa labainkorra izan daiteke. Akaso, datozen belaunaldietako lana izan beharko luke gehienbat, bakoitzaren bizipenen zama desagerturik eta mugida hauetako guztietako aktoreak tartean ez daudelarik.
.             




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina