2014(e)ko otsailakren 24(a), astelehena

HISTORIA ERRESPETATU




People's Palace (Glasgow)
Egun batetik bestera, horrenbeste idazle ospetsu bildu zituen Bilboko Cafe La Concordia aretoa betiko desagertu zen, haren ordez kasino bat zabaltzearren. Oroigarri ziztrin bat ere ez zen bertan geratu. Horrelako zerbait gertatu zen baita ere Ledesma kaleko La Universal liburu-dendarekin. Mende hasierako atari eder hura bertan suntsitu zuten inori ezer galdetu barik... Iraganean hainbeste lekukorekin gertatu dira horrelako basakeriak,  ezen egunkari osoarekin  ez baikenuke aski toki izango zerrenda zehatza osatzeko.
Gure museo etnologikoetan baserrietako bizitza eta herri txikietako antzinako ohiturak eta kirolak islatzen dira, baina ez da horren erraza gure hirietan izandako garapen eta bizimoduen berri aurkitzea. Bizkaia Zubira hurbiltzen den edonork, adibidez,  mota guztietako bitxikeriak aurki ditzake bertako dendetan, baina informazio arrastorik ez, eta horrela jarraitu genezake gure industria zaharrekin, izandako moda eta ohiturekin,  eta beste gauza askorekin.
Ez, ez da gurea oso inguru adeitsua izan iragan hurbilarekin. Europako edozein hiriburutan ohikoa da Hiriko Museoa aurkitzea. Normalean erdigunean dago eta mimo osoz zainduta. Burura datorkit hoberen ezagutzen dudana: Glasgowko People Palace izenekoa. Kristalez babestutako plaza handi batean dago kokaturik. Oso ohikoak diren egun euritsuetan, bertakoek badute ingurune eder bat landarez eta ziburuz josita eta zenbait terrazaz inguraturik, kafe bat soseguz dastatzeko. Bertan dagoen antzinako jauregian hiriko iraganarekin zerikusirik duen oroitzapen ugari aurki daitezke: joan den mendeko irratiak entzuteko aukera; langileen etxeak barrutik nolakoak ziren ikusteko parada; hiriko lanbideen gida; antzinako dendak; Nazioarteko Brigaden oroigarriak; aitona-amonen janzkerak; musikari, idazle eta kirolarientzako omenaldiak... Egunak behar dira hor dagoen guztia behar den moduan gozatzeko. Saihestezina da ez alderatzea. Badirudi hemen ez dugula horren gustuko atzera begiratzea, iraganarekin dugun harremana erabat zakarra izango bailitzan.
Bilboko Franco garaiko alkateen erretratuak mantentzea? Zergatik ez? Jakina da,“bere historiari muzin egiten dieten herriak errepikatzera kondenaturik daude”. Baina mamitsua kasu honetan ez da mantentzen diren ala ez, baizik eta nola kudeatzen den mantentze hori.
Margolan horietara hurbiltzen diren belaunaldi berriek edo atzerritik etorritako bisitariek ez lukete irudi bat, izen soilaz lagundurik, ikusi beharko. Argi geratu behar da legaltasun demokratikoaren kontra matxinatu zirenen ondorioz alkate zirela eta horretarako “mugimenduaren funtsezko oinarriak” zin egin behar zituztela. Azaldu behar da ditxosozko “mugimendu” horrek boterea hartu zuela milaka hildako utzi zuen gerra baten ondorioz, estatu-kolpe batek eragindako gerran hain zuzen, hiru urte iraun zuela berrogei urteko diktadura inposatu arte, Italiako faxismoak eta Alemaniako nazismoak lagundurik.
Are gehiago. Proposamen modura, Frankismoaren museoa eraikiko nuke eta bertan garai hartako bizirik dirauten ikur guztiak bilduko nituzke, ikasleek eta bisitariek nolako garaiak izan ziren ikus ditzaten, ekialdeko zenbait herrialdetan komunismoarekin egin duten bezala.
Ados nago: historia errespetatu behar da. Horretarako, koka ditzagun aztarnak dagozkien lekuetan.                
 



2 iruzkin:

  1. La Universal liburutegia... hau oasis Bilboko bihotz erdian, bai zera!

    ErantzunEzabatu
  2. Bai Alfredo, eta egun batetik bestera bihotza kendu ziguten!

    ErantzunEzabatu