2014(e)ko maiatzakren 13(a), asteartea

PROBATU EZ DUENAK...



San Ferminetan, korrikalariak entzierroan
Iruñeko udaleanentzierroetarako onartu dituzten arauak direla eta,  irrati berbaldi batean hau entzun nuen : “Sekula zezen baten aurrean korrika egiteko asmorik izan ez duenak ez luke entzierroari buruzko iritzirik eman behar”.  Argudio hori zeharo ezaguna egin zait. Nolabaiteko “mantra” bihurtu da. Urtero entzuten dugu Bidasoako herrietan desfileak antolatzen direnean edota  kirol-talde baten bazkideari aurka egiten diotenean. Era berean, aspaldi, oso ohikoa zen beren gorputzak mota guztietako froga kimiko arriskutsuak egiteko erabiltzen zituztenen artean:  “Probatu ez baduzu ezin duzu esan ona ez denik”.  Bertso-hop abestian bezala “probatu ez duenak ez daki zer den hau” esaten zaigu behin eta berriz, eta, neurri batean, egia izan daiteke. Ziur aski inoiz ez dut jakingo zer sentitzen den zianuro basokada eder bat hartu ondoren, baina egiatan diotsuet: batere gomendagarria ez den edabea dela esaten dutenei sinistu egiten diet. Jakina da  esperientzia zientziaren ama dela, baina horrek ez du esan nahi gizaki guztiok froga berberak egin behar ditugunik.  Barka bezate, kontrakoa uste dutenek, baina nik ez dut Afganistango emakumea izan beharrik, burka-zalea ez nintzatekeela susmatzeko. Era berean zer edo zerk esaten dit Ceutako burdin hesia gainditu nahian dabiltzanak ez direla hor abentura bila edo sasoi puntua hartu nahian, eta ablazioa (badut susmorik)  ez dela emakumeentzat asmatu den gauzarik onena, antzinako “tradizioa” izan arren, eta oso ongi ikusia, hura egiten duten gizarteetan.  Baina agian, neurri batean egia da: inork ez du beste baten buruan ikasten. Gurasoengandik aholku asko jaso arren harrigarria da –ongi dator hitz hori hemen inon badator—nola belaunaldi guztietakook harri berean estropezu egiteko joera daukagun. Txikitan behin baino gehiagotan entzun nion aitari: “ Zein ongi letorkizukeen 1940ko hamarkadan denboraldi bat pasatzea”. Amak prestatutako bazkari gozo bati protesta egiten nionean esaten zidan, eta jakina, benetako gosea ezagutzen duenari guztiz iraingarriak egingo zaizkio janarekiko mespretxuak. Baina zerbait ez zaigula komeni jakiteak edo susmatzeak ez du bermatzen hori egingo ez dugunik. Areago: Askotan, zerbait debekatuta dagoela jakin ondoren, erabat erakargarri bihurtzen zaigu. “Debekatzea debekatuta” leloa, Parisko 1968ko maiatz mitikoan sortua, oso polita geratzen da horma batean edo gure “WhatsApp”ean, baina gero denok onartzen dugu azkenean debekuak batzuetan beharrezkoak direla. 1928. urtean debekatu zen zezen korridetan zaldiak babesikgabe agertzea. Garaiko kronikek kontatzen dutenez iskanbilak nonahi agertu ziren. Zaletu askorentzat horrek festaren bukaera zekarren. Gaur egun zaldiaren sabela adarrak zeharkatzen ikustea (garai hartan ohikoa zen) jasanezina egingo litzaiguke. Modu berean, agian, egunen batean gure semeen bilobek gaurko entzierro, sokamuturra, zezen-korrida eta gainerako “dibertsioen” bideoak ikustean, garai basati eta zorionez gainditu baten adierazgarria besterik ez dute ikusiko. Bitartean, nahiz eta Iruñekoa eta zezen aurreko korrikalaria ez naizen, arrisku bizia saihesteko arauak guztiz premiazkoak direla esatera ausartuko nintzateke. Telebistan ikusten dugunarekin nahikoa da azken urteetan zeharo gainezkatuta dagoela susmatzeko. Errespetu osoz diot.           



2 iruzkin:

  1. Esaldi-mantra topikoa Iruñako udaletxe bozeramaileak erran duena.Nik bueltatxo bat emanen nuke (Ikusten? naparrera idazten, jis,jis,jis) "Behizainen makila probatu ez duena entzerroetan bai ibili daiteke" Hor arau nagusia izan beharko luke: entzierroko abereei buztana ez ukitu, bertzela,zas, behizainaren makilada.

    Ni jarraituko naiz ohean goxo-goxo entzierrori buruz ezer jaki gabe, eta pozik gainera.

    ErantzunEzabatu
  2. Agian araua jakinez gero , baten bat gustora apuntatuko litzateke Juli. hay gente mu rara ;-)

    ErantzunEzabatu