2014(e)ko azaroaren 30(a), igandea

PODEMOS PLANETARI BELDURRA




Alberto Garzón, Juan carlos Monedero eta Mikel Iceta
Jakina denez, egun batetik bestera apenas ezaguna zena denon ahotan dabil. Telebistako kate batek bultzaturik, gure solasaldietan, gure irakurketetan, gure bizitzetan sartu dira ate nagusitik. Den-denok daukagu gure iritzia Ahal dugu-Podemos mugimenduaren inguruan, normalean erabateko iritziak gainera. Txuri ala beltz. Tarterik ez grisetarako.                                                                                          
Podemos-en arduradunen ahotsetan entzuten dena ez da inork lehen esan gabeko ezer. Julio Anguita edo Alberto Garzonen mezuak parekoak dira, baina antzinako ezkerreko bozeramaileengandik sortuz gero ez omen dira horren erakargarriak. Aste honetako astelehenean hain zuzen, Juan Carlos Monedero eta Alberto Garzón etorkizuneko ezkerrari buruzko forum batean  elkartu dira. “Podemos-eko kidea ematen duzu”­­­-esan zion lehenengoak bigarrenari -. “Ba zuk Izquierda Unidakoa” - ­­­erantzun zion Garzonek, txalo artean.                                                                                                                   
Zer da orduan proposamen berri honek daukana, inkesta guztietan aukera itzelak izateko? Zertan datza haien xarma ukaezina? Zergatik bihurtu da horren saihestezina elkarrizketetan, zutabeetan, hizketaldietan? Benetan sinistu behar dugu bat-batean  gutxiengo baten sostengua izan duena, gehiengo baten aukera bihurtu dela?                                                                                                             
Nahiko agerikoa da gaur egun indarrean daukaguna jasanezina bihurtu dela. Ustelkeriaren mapak egunez egun okertzen ari den gaixoa ematen du eta trantsizioan sortutako sistemak erabat gutxitua dauka bere ospea. Egoera, argi eta garbi, ezin  egokiagoa da salbatzaileen sorrera errazteko, baina hemen, antza, salbatzaileak ez du Berlusconiren edo Peronen aurpegia, hemen Pablo Iglesiasen mototsa dugu hautagai eta esaten duenari kasu egiten badiogu ez datoz jokoan parte hartzeko, irabazteko baizik.  Eta bitxia bada ere, ez dira haiek soilik hau sinisten dutenak. ETAko presoek, enpresarien elkarteek, militarrek, gainerako alderdien agintariek… denek erakusten dute nolabaiteko ezinegona gerta daitekeenaren aurrean eta serio hartzen dute Ahal dugu-Podemos boterean ikusteko  posibilitatea. Orain dela gutxi arte euskal gizartetik at gertatzen zen  fenomenoa zirudien, baina inkestek erakusten dutenez, gurean ere badira egundoko atzaparkada egiteko prest.                                                                                       
Antza denez, gure etorkizuna kudeatu nahi duen ekimen hori oraindik ez dago erabat koskorturik. Interneten sartuta, Podemos-kide egin zaitezke bost minutuan eta edonork (beste alderdi bateko afiliatua izanda ere) har lezake parte haien zirkuluen bileretan. Hala ere,  horrenbestetan entzuten denez , “ohiko alderdiek egin dutena ikusita, ez da horren zaila izango hobetzea”.                                                                                
Baina gehien entzuten den “mantra” honako hau da: “Oso erraza da hitz egitea, baina gero, gobernura heldu ostean agindu dutena betetzea zein zaila den konturatuko dira. Denbora pasa ahala ustelduko dira, denak dira berdin”.                                   
Harrigarria benetan zenbat futurologo daukagun. Baina jakina. Zientzia fikzioak gutxitan asmatzen du egiaz etorkizunean zer gertatuko den. Orainaldian gertatzen ari denak, aldiz, agerikoa ematen du. Ziklo baten bukaeran gaude. Seinaleak nonahi agertzen zaizkigu eta aurrean dugun erronka ez da makala: demokrazian sinistu eta sakondu edo datozen hamarkadetako elkarbizitzaren trena -beste askotan legez- galdu. Podemos-en papera ezinbestekoa da. Hala dirudi behintzat.
  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina