2014(e)ko abenduaren 11(a), osteguna

LAGUNTASUNAZ




Lagunak, etsaiak eta koadrila-kideak
Aukeratzen ditugun lagunak. Aukeratzen gaituztenak. Txikitan nolabait inposatuak agertzen zaizkigunak. Bizitza aurrera doan heinean egiten ditugunak. Garai zehatz batera lotuta daudenak. Etsai bihurtzen diren lagunak.  Bat-batean desagertzen direnak, denbora pasa ahala urruntzen direnak. Huts egiten digutenak, huts egiten diegunak. Gure lagunen lagunak, horren ezaguna den esanak dioenaren arabera, lagunak baitira. Eta aro berriko sasi-lagunak:  Facebook-eko lagunak, edo nola eduki milaka lagun, ezagunak ere izan barik.  Eta gero hor dago gizonen eta emakumeen arteko laguntasuna, askotan oztopoz betea, batzuen iritziz inoiz ez benetakoa.  Hori bai: sexu ezberdineko pertsona batek “lagun onak besterik ez izatea” eskaintzen dizunean, badakizu ez dela, inolaz ere,  egia izango.                                                                                                                                                Zeinek ez dio noizbait bere buruari galdetu benetako lagunik ote duen?  Zeinek ez du noizbait sufritu laguntasuna dela medio...? Bon Scottek -nire abeslaririk kuttunenak- bere lagun guztiak infernura eraman nahi zituen berarekin Higway To Hell abestian eta Victor Manuelek “zeintzuk diren benetako lagunak” soberan omen zekien: “Inoiz ez dute ezer eskatzen eta beti ematen dute”...   Gurean ere “orotan bihotz-bera” zen Xalbador bertsolariari eskainia dago Xabier Leteren kantu preziatua, lagun baten galera zer inspiragarria izan daitekeen  erakutsiz. Laguntasuna, nola ez, esaera zahar askoren sortzailea izan da. Horien artean, jakina, laguntasuna eta dirua biltzen dituena, beti mezu bera finkatzeko asmoz: “Dirurik ez, lagunik ez” . Beste esaera asko adiskidetasunaren handitasuna  erlatibizatzera datoz: “Nork bere moduko laguna harrapatzen du”; “Otsoa hiltzeko danak lagun”; “Gauerdira ezkero, danak lagunak”... Ez dira falta aholkuak , agian seme-alaben lagunekiko kezkak ez direlako atzoko kontuak  hain zuzen: “Lagun asko baino, adiskide on bat hobe”; “Lagun berriarekin eta etxe zaharrarekin kontuz” ; “Lagun txarrekin dabilena gaiztatu”; “Ez saldu lagunari, ez erosi etsaiari”... Eta badira, baita ere, laguntasunaren balioa goraipatzen dutenak: “Nor bada zure laguna, egingo zaitu zalduna”; “Lagunak infernuan ere gauza ona”; “Lagun ona galtzea baino, hortzak galtzea hobe”... Nik gustuko dut beste ohiko esan bat, politika giroan hainbatetan entzuna: “Badira lagunak, etsaiak eta alderdikideak...” Nire uste makalean, honako sailkapen hau gure instituziorik sendoenetariko batera heda daiteke: koadrilara. Hor nahasten dira lagun minak eta sasikoak, itunak eta zatiketak, amodio eztiak eta traizioak.                                                                                                                                                  Datozen jaiegunak egokiak izaten dira aspaldiko lagun eta ezagunekin berriro elkartzeko. Indarrean dagoen Durangoko Azokako goiburua “aspaldiko partez” izan liteke, nonahi entzuten den leloa baita. Gabonak ere aproposak izaten dira ezusteko topaketetarako. Kanpoan bizi direnak, sorterrian utzi genituenak, mugikorrera txisteak bidaltzen dizkizutenak, pozez agurtzen ditugunak eta baita ikusi nahiago ez genituenak ere.                                                                                                                                                  Nolanahi ere, laguntasunean sinesten dut nik. Izan ditudan adiskideek naizen modukoa izaten lagundu naute eta ditudanak ezinbestekoak dira bizitza bizigarria egiteko. Estatu Batuetako Elbert Hubbard saiogilearen hitzetan: “lagun bat da zutaz dena dakiena eta hala eta guztiz, maite zaituena”.        

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina