2014(e)ko abenduakren 14(a), igandea

GABONETAKO IPUINA





Aurtengo loteriaren iragarkiak, antza, gizakiaren alderik onena erakutsi nahi digu. Gutxien espero duzunean -nolabait azaltzen zaigu- zure ingurukoek norainoko estimua dizuten adieraziko dizute. Baina fikzioaren atzetik beste mezu bat dago ezkutuan: loteriaren sari potoloa zure auzoan edo lantegian jaus daiteke. Benetan burutik pasatu al zaizu zutaz gogoratuko direla dezimo bat gordetzeko? Kontuz ibili gero. Ospakizunaren jaia zu barik antolatzen bada, amorruz hilko zara. Hortaz, badaezpada ere, erosi.
Baina onartu behar dut. Iragarkia oso ona da. Publizitatearen helburua kontsumoa bultzatzea besterik ez da eta ezagutzen ditudan tabernariei kasu eginez gero, aurtengo kanpainan nabaria da salmenten igoera. Bestalde aipagarria benetan aktoreen lana. Bai tabernaria, bai saritua, bai ingurukoak, erabat sinesgarriak dira haien roletan. Haietariko edonor gure ezagunen artean egon liteke.
Kontakizuna atal ezberdinetan eman digutenez, jakin badakigu zergatik Antonio zerbitzariak gordetzen zion dezimoa bere lagunari. Baina zer gertatzen da gero? Nik kontatuko dizuet:
Aberatsa dela jabetzen denean, Manuk alde batera uzten du eskatutako kafea eta bertan dauden auzokoen mozkorrari eustea erabakitzen du. Tabernatik irtetean Manu ez doa etxera.
Parranda tabernaz taberna luzatuko da eta gaueko ordu txikiak heldu orduko, aspalditik gustuko duen neskame beltz batekin egongo da, pub ilun baten ertzik ilunenean. Gazte kolonbiarrak gustura barre egiten die haren txiste guztiei eta hodei horretan igota Manuk uste du jakinaren gainean dagoela, azkenean den dena argi ikusten duela. Hura ez da bere emazteak uste duen kokoloa. Sorgin horrek tabernara bidali du bakarrik, barregarri uzteko. Baina jendeak estimua dauka eta horregatik gorde diote loteria eta barre egiten dute haren umore apartarekin. Hemendik aurrera inork ez dio esango zer egin behar duen, ez jauna. Manu berri bat jaio da eta mundu osoak jakin beharko du.
Hortik gutxira bere bizitza nobedadez beteko da. Dibortzioa, etengabeko orgiak, parranda garestiak, edonondik sortutako sasi-lagun berriak... horietako batzuek non inbertitu aholkatuko diote eta bost urteren bueltan bere irabazi guztiak alferrik galduta izango ditu.
Urtero bezala, abenduko egunkarietan,“loteriaren biktimei” buruzko ohiko artikuluak agertzen dira eta horietako batean haren irudia ikus daiteke. Banketxe baten atarian dago, kutxazain baten azpian, kartoi bat ardo bere ondoan, periodiko paperez estalita.
Bitartean bere auzoko tabernan, bikote bat dago artikulua irakurtzen, irribarre ziztrin bana haien ahotan. Antonio zerbitzaria, eta Manuren emazte ohia dira. Antonio barneko sukaldera doa eta bertan bere atzeko poltsikotik dezimo bat ateratzen du. Bere burua papertxoarekin igurztean, maltzurkeriazko distirak agertzen zaizkio, datorren biktimaren aurpegia irudikatuz.  
Baina zer Gabonetako ipuin da hau! Ez... saia gaitezen berriro.
Manuel korrika doa etxera eta berri ona kontatzen dio emazteari. Antonioren bihotz onarekin hunkituta, dirudun berriak erabaki bat hartuko du: auzoko behartsu guztiak laguntzeko elkarte bat fundatzea eta zerbitzariaren izena jartzea.
Bitartean, Antonioren tabernan izugarrizko ilarak eratuko dira: loteria bertan erosteko eta bere burutik dezimoa pasatzeko... Horrela sortu zen loteriaren burusoil ospetsua... (Abenduko afari madarikatu hauek...).                     

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat