2014(e)ko abenduaren 21(a), igandea

GARAI INTERESGARRIAK




Lehen Mundu Gerran hartutako irudia
Nire batxilergo institutuan gertatu zen, hormonak jaietan ibiltzen diren adinean. Zuzendariari, -tipo jatorra eta  merezi genuen baino arduratsuagoa, egia esan-, ostiraletan zine emanaldiak antolatzea bururatu zitzaion, “zineforumak”, garai hartan erabiltzen zen era ponpoxoz izendaturik. Esan gabe doa, ezinezkoa zen pelikularen hitz bat ere ulertzea, eratzen zen oilategi hartan. Aste osoko tentsioak areto nagusiaren ilunpean lehertzen ziren eta normalean proiekzio osoan zehar ez zegoen isiltasuna eta arreta berreskuratzerik. Bukaeran mehatxua behin eta berriz errepikatzen zen: “Inolako interesik erakusten ez duzuenez, ostiraleko zineforumak bertan behera utziko ditugu eta ohiko eskola izango da”.
Egia esan aukeratzen zituzten filmak ere ez ziren hamabost urterekin gozatzen direnetakoak. Gure zuzendari gizajoak Frantzian igaro omen zuen denboraldi bat eta han ikasitako ohiturak ekartzekotan zegoen. Ez dakit nolako kontaktuak izango zituen, baina benetan apartak ziren aukeratutako filmak: Bizikleta lapurra; West Side Story; Candilejas; One, Two, Three gogoratzen ditudanen artean daude.
Baina arratsalde horietako batean zerbait aldatu zen. Hasieran betiko gidoia errepikatuko zelakoan nengoen, baina pelikula aurrera zihoan heinean nabaria zen oihu eta txantxa baldarren kopurua aurreko emanaldietan baino arras txikiagoa zela. Hamar minutu eskas eginak genituen pantaila aurrean eta inork ez zuen jada lerdokeriatan aritzeko gogorik. Non zegoen gakoa?                                                                                      Arratsalde hartako pelikula Dalton Trunboren Johnny Got His Gun zen, (JohnnyCogió Su Fusil, gaztelaniako bertsioan), Lehen Mundu Gerran giroturik zegoen eta leherketa baten ondorioz larriki zaurituta geratzen den gudari baten istorioa kontatzen zen. Istripu horretan, Johnnyk hankak, besoak, ikusmena, entzumena, usaimena eta dastamena galtzen zituen. Modu bortitzean esanda, haragi puska bat eginda geratzen zen: kontzientzia izan arren, errealitatetik eta bere ingurutik erabat isolatuta zegoen. Azkenean, morse kodeari esker bere erizainarekin komunikatzea lortuko zuen eta emakume hura munduarekin izango zuen lotura bakarra bihurtuko zen. Johnyren irudia ez zen apenas ikusten. Aurpegia kutxa moduko batekin estalita zuen eta ilea eta bekokia bakarrik zituen ikusgai.
Trunbok gerraren kontrako  manifestu gordin bat egin nahi izan zuen eta horretarako gupidarik gabe jaurtitzen dio ikusleari pantailatik bere mezua. Emanaldi ondoko solasaldian nabaria zen gure zuzendariaren asetasuna. Guk pentsaraztea lortua zuen...
1914. urtean hasi zen Lehen Mundu Gerra. Aurten ehungarren urteurrena bete da eta gatazka horren gorabeherak zaharberritzeko parada izan dugu.
Historiari dagokionez urte guztiak ez dira berdin. 1914, 1936 edota 1939. urteetako hondamenek, esate baterako,  erabateko marra gorri bat markatu dute hurrengo belaunaldientzat. Nolabait ere, esandako urteek eta beste hainbatek historiaren ibilbidea aldatzen dute.
2014. urtea, ezustekorik ez bada, ez da urte horietako bat izango (agian Sirian, Ukrainan edo Palestinan bai). Hala ere, halako sarraskiak  ez dira egun batetik bestera gertatzen eta historiaren kapitulurik beltzenak aurreko urteetan egosten dira. Iraganaren ikasgaiak ikastea ezinbestekoa da harri berean estropezu ez egiteko.
Txinatarren esaera zaharrak dioenez: libra zaitez garai interesgarriak bizitzetik.                 
    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina