2014(e)ko abenduakren 29(a), astelehena

GUZTIOK INUZENTE

Irudi honek Japonia eta Frantzia arteko gatazka diplomatiko bat sortarazi zuen
 
Inozentadak hedabideetatik desagertzen ari dira. Apropos egindakoak behinik behin. Nik gustuko ditut, noiz edo noiz haien biktima izan naizen arren. Beste hainbat ohiturekin gertatzen den legez, txantxak gustu onekoak edo txarrekoak izan daitezke eta kontu handiz ibili behar da inoren duintasuna ez zauritzearren, baina badute aipatu beharreko zenbait alderdi. Gezurrezko albisteak, ongi eginda badaude informazioa manipulatzea zein erraza izan daitekeen erakusten digute. Bestalde, norberaren umore-senarekin gertatzen den bezala, halako txantxek gure buruaz barre egiteko balio dute eta gizartearen handikeriak eta ahultasunak agerian uzteko. Azken finean urtean behin besterik ez da gertatzen.

Berrogeita hamarreko hamarkadan, Donostiako egunkari batean Kontxako hondartzan hondoa jotako balea erraldoi baten argazkia argitaratu zuten azalean. Ikaragarri ongi eginda zegoen muntaia, Photoshop garaiak oraindik imajinaezinak izanik. Egun osoan zehar, herrialde osotik jakin-minez etorritako jendez bete zen badia, zein inuzenteak ziren ohartzeko; horixe eta ez besterik.

Irratian ere, egundoko erantzunak izan genituen txantxa baten ondorioz, eta ez guztiak atseginak, hain zuzen. Guggenheim museoaren arrakasta nabarmentzen hasi zenean, albistegietan honako harribitxia sartu genuen: “Guggenheim fundazioak agiri baten bidez jakitera eman duenez, Bilbo hirian kokatuta dagoen  museoa, atalez atal eramango da New Yorkera bertan berriro eraikitzeko. Erabakia Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenean islatua dago eta martxan jarriko da datorren hilabeteetan. Fundazioak argi eta garbi azpimarratu du Frank Gheryk beste antzeko proiektu batean lanean diharduela, Bilbon kokatzeko”. Berria apaintzeko sasi-arduradun batekin egindako elkarrizketa bat gehitu genion. Entzulearen erantzule automatikoa kea zeriola ibili zen egun osoan zehar. Txantxa bat besterik ez zela argitu genuenean, barreak eta irainak -batzuk benetan gordinak- parra egin zuten.

Beste hainbat herrialdetan, horrelako adarjotzeak apirilaren lehenengo egunean egiten dira: April’s Fools Day izenekoan. 1985.urtean Pariseko kazeta batean Eiffel dorrea bertan behera botako zutela argitaratu zuten. Zergatia? Leku berean Eurodisney eraiki zedin. Egun berean ehunka hiritar naturaltasunez bertaratu ziren protesta egiteko.

Britainia Handian ere, oso ospetsua izan zen BBC kateak zabaldu zuena. Erabat landutako erreportaje baten bidez, ikus-entzuleei erakutsi zieten espageti-zuhaitzak Suitzako hegoaldean nola landatzen ziren. Milaka dei jaso ziren telebista publikoan, halako teknika ikasteko asmoz interesa zuten hiritarrenak alegia.

Batzuetan, txantxa hauek urrunegi heldu dira. 2012. urtean Japonia eta Frantzia artean gatazka diplomatiko bat sortu zen bigarren herrialdean argitaratutako olgeta batengatik. Japoniako Selekzioaren atezainaren argazkia trukatu zuten eta lau besorekin argitaratu zuten “Fukushimako istripuak eragindakoaren ondorioz”.

Honelako arazoak ekiditeko edo, hedabide gehienetan Inuzente-eguneko txantxak desagertzen doaz. Tamalgarria deritzot. Izan ere. Ba al dago Gabonak baino inozentada handiagorik?  Herodesen sarraskia ez zen abenduaren 28. egunean gertatu, Jesusen jaiotza ez zen abenduaren 25ean gertatu eta Ekialdeko Errege Magoak eta Olentzeroa... Horiek ez dira ukitzen. Urte Berri On.

 

    

                   

2 iruzkin:

  1. Egunero-egunero hamaika berri irakurtzen ditugu, Roberto, inozentadatzat har litezkeenak. Agia, ugaldu egin zaizkigu desagertu beharrean.
    Zeuretzat ere 2015a ona izan dadila.

    ErantzunEzabatu
  2. Berriro ere, errealitatea fikzioaren gainetik. Guztiz adoz.

    ErantzunEzabatu