2015(e)ko urtarrilakren 4(a), igandea

ERREGEEI GUTUNA




Errege mago kuttun horiek: gaur egun ez daukat horren argi zintzoa izatea zer den, txikitan ilusio osoz idazten nizuenean bezala, baina pentsatu nahi dut ez direla asko nigan pentsatzen dutenak, haien hondamenen eragileari budu egiten diotenean.
Eskaerak egiterakoan ere ez naiz besteak ez bezalakoa izango. Izan ere, gehiago da kontserbatu nahi dudana, eskatuko dudana baino (kontserbadorea bihurtzen ari ote naiz? nomejodas). Baina bai. Eskaerak eskaera, hasiko nintzateke eskatzen osasuna eta bizimodu duina niretzat eta inguratzen nautenentzat. Begiratu zer originala naizen. Ez dut nahi tokatzea, ez kinielarik ez loteriarik, baina posible bada, nahiago nuke bizitzaren horrelako loteria madarikatuak ere ez ezagutzea. Bai, badakit lasterrago edo beranduago guztioi dagokigula berri txarren txanda, baina momentuz behintzat, urte beteko luzapena eskatuko nizueke.
Egia esan, barregarria irudituko zaizue honelako gutuna jasotzea. Zuen ekialdera begiratuz gero, han bai dituzuela arazo larriak! Palestina, Siria, Libia, Egipto, Irak... arma-saltzaileen paradisua, mundu osoko gizateriaren lotsa. Bertan ikusten dena ikusita eskutitza apurtzeko gogoa sortu zait, baina txikitan egiten nuen bezala, zuen magian izango dut konfiantza. Izan ere, ni Olentzero-aurreko belaunaldi batekoa naiz eta oraindik ere bizi-bizirik ditut erregeen gaueko txikitako oroimenak. Inoiz ez ditut garbitu gogo handiagoz nire zapatak, gau hartan baino, eta sekula ere ez naiz horren kilikaturik oheratu.
Horregatik, oraingo honetan eta atrebentzia handiegia ez bada, umeak gogoratu nahi ditut gehien bat. Palestinan, Sierra Leonan, Kongon eta beste hainbat herrialdetan -gurean ere bai, noski- umea izateko eskubidea izan ez dutenak. Umea izanik ulertzen ez duten gerratan hiltzera eta erailtzera joatera behartu dituztenak. Hezkuntza bat izateko eskubidea ukatu zaienak, batzuetan, Afganistanen adibidez, neskak izateagatik; beste askotan, gaztetatik gogor lan egitera bidali dituztelako. Umetan desnutrizioagatik eta goseagatik gaixotu eta hiltzen direnak, lehen munduko herrialdeetan gure aurrekontuen ehuneko bata ere horretarako erabiltzeko gai ez garen bitartean. Putaseme baten desira koldarren biktima izan direnak; etxea baino infernua izena mereziko lukeen inguru batean munduratu direnak.
Hitz bakar batean esanda, hirukote maite hori, etorkizuna, besterik ez dizuet eskatu nahi haur guztiontzat. Etorkizunik gabe ezin da ilusiorik izan. Inor ez litzateke joango zuen kabalgatara eta ez litzateke bertan lehiatuko gozokiak eskuratzeko. Aurrera begiratzeko ahalmenik gabe ez da posible irrikaz oheratzea, behar den bezain zintzoa izan zaren ala ez hausnartuz; gerokorik barik, ezinezkoa da pailazoen ikuskizun batekin sano barre egitea, zure bizitzan inoiz ere egingo ez duzun bezala.
Berriki, Googlen gehien bilatzen diren gaiei buruzko artikulu batean irakurri dudanez, urteko data hauetan badago maiz errepikatzen den bilaketa bat: “Errege magoak: egiazkoak dira, bai ala ez”.  Hau bai bitxia. Horren materialista bihurtu den mundu honetan, batzuk magia eta umetako ilusioak ere zalantzan jartzeko gai dira. Ni ez. Barruan daramadan umeak bizirik dirauen bitartean zuen zain egongo naiz, errege egunean eta urteko gainerako egunetan. Horixe besterik ez genuen behar!      


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat